Mundua -
KORONABIRUSA
NBEk mundu mailako su-etena eskatu du koronabirusagatik
Gerrek kaltetutako herrialdeak birusarekiko bereziki zaurgarriak direla ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeko buruak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak gerra guztiak geldiaraziko dituen "mundu mailako su-etena" eskatu du koronabirusari aurre egiten laguntzeko.
"Gure munduak etsai komun bati egin behar dio aurre: COVID-19a", babestu du Guterresek prentsaurreko birtual batean, eta gatazka guztiak gelditzeko unea dela azpimarratu du, "gure bizitzako benetako borrokan" oinarritzeko.
Gerrek kaltetutako herrialdeak, osasun sistemak suntsituta dituztenak eta desplazatu eta errefuxiatu ugari dituztenak, birusarekiko bereziki zaurgarriak direla ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeko buruak.
Guterresek azaldu duenez, borroketan etenaldia egiteak berebiziko laguntza emateko bideak sortzen lagunduko du, diplomaziarako aukerak zabalduko ditu eta "leku ahulenetara itxaropena eramatea" ahalbidetuko du.
Guterresen arabera, gatazka ezberdinetarako bidali bereziak alde guztiekin lanean ari dira, borroka gelditu eta dei horrek emaitzak ekarriko dituela ziurtatzeko.
"Ez dezagun ahaztu gatazkek suntsitutako eremuetan erantzuteko gaitasuna oso mugatua dela eta, borrokek jarraituz gero, izurritearen hedapen suntsitzailea izan dezakegu", adierazi du.
Azpimarratu duenez, su-eten global hori "guztiz funtsezkoa" da COVID-19aren aurkako erantzun eraginkorra lortzeko.