Mundua -
Gaixotasuna
Italiak joan-etorri guztiak debekatu ditu herrialde osoan
"Italia osoa izango da babestutako eremu. Jada ez dago eremu gorri, berde edo horirik. Mugimendu guztiak daude debekatuta, beharrezkoak izan ezik", adierazi du Conte lehen ministroak.
agentziak | erredakzioa
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak iragarri du herrialde osora zabaldu dituela koronabirusari aurre egiteko aparteko neurriak; ondorioz, debekatu egin ditu joan-etorri guztiak eta bilkurak.
"Italia osoa izango da babestutako eremu. Jada ez dago eremu gorri, berde edo horirik. Mugimendu guztiak daude debekatuta, beharrezkoak izan ezik, Italia osoan", adierazi du Contek telebistaz eman duten agerraldi batean.
Contek argitu duenez, Lonbardian eta beste 14 probintziatan martxan jarritako aparteko neurriak herrialde osora zabaldu dituzte. "Horrela labur daiteke sinatuko dudan neurria: 'Ni etxean geratuko naiz'. Bilkurak debekatuta egongo dira. Ezin dugu kutsatzeko aukerarik eman", azpimarratu du Contek.
Agintariek jakinarazi dute 463 direla dagoeneko koronabirusarekin hildakoak Italian, atzo baino 97 gehiago. Gainera, baieztatutako 9.172 kasu daude, 24 ordu lehenago baino 1.797 gehiago.