Mundua -

Turkia eta Greziaren mugan

Migratzaile bat hil da Greziara Turkiatik sartzen saiatzen ari zela, tirokatuta

Muga zaintzen ari den Greziako Armadak gas negar-eragilea, plastikozko balak eta egiazko munizioa erabili ditu herrialdera sartzen ahalegintzen ari zen migratzaile-talde baten aurka.

Hainbat migratzaile, mugatik gertu, kamioi batean. Argazkia: EFE.
Hainbat migratzaile, mugatik gertu, kamioi batean.
Greziako Armadak gas negar-eragilea erabili du igratzaile-talde baten aurka

1:02

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lagun bat hil da asteazken honetan Greziara Turkiatik sartzen saiatzen ari zela, greziar aldetik egindako jaurtiketen ondorioz, turkiar agintariek jakinarazi dutenez.

Hildakoak bularrean jaso du tiro bat.  Muga zaintzen ari den Greziako Armadak gas negar-eragilea, plastikozko balak eta egiazko munizioa baliatu ditu herrialdera sartzen ahalegintzen ari zen migratzaile-talde baten aurka; beste bost lagunek zauriak dituzte, ondorioz. Hala dio Edirne turkiar hiriko gobernadorearen Bulegoak zabaldutako ohar batek.

Migratzaile-talde bat Greziarako sarrera behartzen saiatu da, eta Greziako militarrek jaurti dute, iturri horrek zehaztu duenez.

Hain zuzen ere, goizean, Greziako Poliziak berriro ere bota die gas negar-eragilea Turkiaren eta Greziaren arteko mugatik herrialdera sartzen saiatzen ari diren hainbat migratzaileri eta errefuxiaturi. Hala egiaztatu dute greziar komunikabide batzuek, eta EFEk ere baieztatu ahal izan du. Asteartean, lasaitasuna nagusitu zen, baina asteazkenean berriz hasi dira Poliziaren erasoak.

Komunikabideek ez dute aukerarik mugatik gertu egoteko, turkiar Poliziak ez baitu baimentzen, baina gas-zutabeak izan dira ikusgai, eta leherketak entzun ahal izan dira Pazarkuleko muga-sarbidetik kilometro batera. Puntu horretan, milaka lagun daude Europar Batasunean sartzeko aukeraren zain; azken sei egunotako egoera da hori.

Euskal Herriko 07:00etan hasi da tentsioa hazten. Orduan, migratzaileen talde bat Pazarkule-Kastanies muga-sarbidea behartzen saiatu da, baina Greziako segurtasun-indarrek gas negar-eragilea baliatu dute, ERT greziar kate publikoak jakinarazi duenez.

Komunikabide horren arabera, milaka lagun daude mugako hesiaren ondoan. Poliziak, bozgorailuak erabiliz emandako mezuen bidez, ohartarazten ari zaizkie: ez dute Greziara sartzeko baimenik izango.

Mugaren turkiar aldean, jaurtiketak eta oihuak izan dira entzungai. Anbulantzia batzuk mugarantz abiatu dira, gainera.

BIDEOA | Ane Irazabal: ''Lesbosek uharte solidarioa izaten jarraitzen du''

Ane Irazabal: ''Lesbosek uharte solidarioa izaten jarraitzen du''
Ane Irazabal: ''Lesbosek uharte solidarioa izaten jarraitzen du''
Ane Irazabal: ''Lesbosek uharte solidarioa izaten jarraitzen du''

3:57

Milaka migratzaile saiatu dira sartzen azken egunotan

Turkiako Barne Ministerioak ziurtatu du 135.844 migratzailek utzi dutela herrialdea ostiraletik, Greziara bidean. Ostiralean, turkiar Gobernuak iragarri zuen ez zuela Europar Batasunerantz joateko asmoa duten migratzaileentzako oztoporik jarriko. Kopuru hori, alabaina, ez dator bat Greziak emandakoarekin; izan ere, greziar Gobernuak esan du 24.000 bat lagun ahalegindu direla, lortu gabe, herrialdean legez kontra sartzen.

Azken egunotan, 183 lagun atxilotu dituzte, Greziara sartzen ahalegindu direlako, eta hainbati, ez dute zehaztu zenbati, lau urteko espetxe-zigorra eta 10.000 euroko isuna ezarri diete. Gainera, Greziak asilo-eskaerak tramitatzeari utzi dio; argudiatzen duenez, sarrera masiboak dira, ez banakakoak, eta, ondorioz, nazioarteko itunak ez da urratzen ari.

Otsailaren 28an iragarri zuen Turkiak ez ziela oztoporik jarriko migratzaileei; izan ere, 30 bat turkiar soldadu hil ziren Siriak Idliben egindako bonbardaketa batean. Bertan, Idliben, zenbait milizia islamista daude, Ankarak babestuta, eta Bachar al Asaden erregimenaren aurkako borrokan dabiltza. Horrela, Ankarak espero du Europar Batasunari presioa eragitea, Turkian bizi diren milaka siriar errefuxiatuei laguntza emateko diru gehiago eman dezan (errefuxiatu horietako zenbait aspalditik bizi dira Turkian). Halaber, Sirian abian duen militar-kanpaina babesteko nahi du eskatu Turkiak EBri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Migrazioa Europa Greziako albisteak Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Turkia berriak Errefuxiatuak albisteak gaur