Mundua -
Erresuma Batua
Europako Parlamentuak 'brexit'aren ituna berretsi du
Londresen nahiz Bruselan tramite parlamentario guztiak amaituta, Erresuma Batua urtarrilaren 31n aterako da Europar Batasunetik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Parlamentuak onartu egin du Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko akordioa. Aldeko botoak 621 izan dira; kontrakoak, 49; eta abstentzioak, 13.
Londresen nahiz Bruselan tramite parlamentario guztiak amaituta, brexit-a urtarrilaren 31tik otsailaren 1erako gauerdian gauzatuko da.
Hiru urtez luzatu dira Gobernu britainiarraren eta Europar Batasunaren arteko negoziazioak.
Bozketa eginda, eurodiputatuak txaloka hasi dira eta 'Auld Lang Syne' poema eskoziarra kantatu dute. Agurretan abesten duten kantu tradizional bat omen da.
"Gaur ez dugu agurrik esango, gero arte baizik", adierazi du Guy Verhofstadt Europako Parlamentuko bozeramaile liberalak.
Osoko bilkuran egindako eztabaidan, Erresuma Batuak Europar Batasunean eman dituen 50 bat urteez aritu dira eta etorkizuneko harreman herrialde horren konpromisoaren araberakoa izango dela ohartarazi diote Gobernu britainiarrari.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente kontserbadoreak esan du britainiarrak "beti" izango direla "Europar Batasuneko familiaren parte".
Alabaina, orain Londresek eta Bruselak negoziazio fase berri bat ekin beharko diote, bi aldeen arteko etorkizuneko harreman nolako izango den erabakitzeko. "Erresuma Batuak lehiakortasunean berdintasuna bermatzeko baldintzak errespetatzea erabakitzen badu, britainiarrak Europako merkatuan sartzea askoz errazagoa izango da", erantsi du Von der Leyenek.
Bozketaren aurreko debatea agurtzeko baliatu dute europarlamentari britainiarrek. Ganberako talde nagusiek bi aldeen arteko harreman estua izango denaren itxaropena agertu dute. Ildo horretan, brexit-a aldi baterako agurra izatea eta egunen batean Erresuma Batua Europar Batasunean berriro sartzea gustatuko litzaiekeela adierazi dute.
BIDEOA | Europarlamentuak 'Auld Lang Syne' abestia abestu du Erresuma Batuari agur esateko