Mundua -

Weinstein kasua

Weinsteinen salatzaile batek bi aldiz bortxatu zuela azaldu du

Bost sexu-delitu leporatzen dizkiote ekoizleari, eta biziarteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete.

Weinsteinek gaztea 2004an "The Aviator" pelikularen estreinaldi europearrean ezagutu zuen. Arg: EFE.
Weinsteinek gaztea 2004an "The Aviator" pelikularen estreinaldi europearrean ezagutu zuen.
Weinsteinek gaztea 2004an "The Aviator" pelikularen estreinaldi europearrean ezagutu zuen. Arg: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Harvey Weinstein produktorearen sexu-erasoak salatu dituzten bi emakumeetako batek astelehen honetan azaldu duenez, Hollywoodeko enpresariak birritan eraso eta bortxatu zuen, 2006. urtean, produkzioko laguntzailea zenean.

42 urteko salatzailea epaiketako lekuko nagusienetako bat da Weinsteinen aurka egindako akusazioengatik. Ekoizleari bost sexu-delitu leporatzen dizkiote, eta biziarteko espetxe zigor bati egin beharko dio aurre.

2004an ezagutu ziren elkar, "The Aviator" filma Europan estreinatu zenean, eta 2006an, Cannesko zinemaldian, berriro elkartu ziren, eta laguntzaile gisa kontratatu zuen New Yorken ekoizten zuten "Project Runway" telebista lehiaketa ezagun baterako.

James Burke epailea eta epaimahaikideak aurrean eta Weinstein metro batzuetara zuela lekukoak azaldu duenez, Cannesen elkartu ostean, kontratatu aurretik, hotel batera gonbidatu zuen, eta masaje bat eskatu zion, baina ez zion eman, eta umiliatuta sentitu zen.

Elkarrekin lan egiten zutenean, ekoizleak Parisko moda desfile batera joateko gonbita egin zion, baina ez zuen onartu, eta harengana hurbiltzen saiatu zen, bere etxera gerturatuz. "Emakumeekin zuen ospeari" buruzko zurrumurruak entzun zituela esan zion orduan salatzaileak, eta Weinsteinek iraindu itxurak egin zituen.

Salatzaileak Fiskaltzari adierazi dio ez zuela interes erromantikorik edo sexualik Weinsteinekin, eta lehen sexu-erasoa gertatu zen egunean akusatuak txofer bat bidali ziola Sohoko bere apartamentura (Manhattan) gai profesionalei buruzko bilera bat egin behar zutela esanez.

Orduan, produkzioko laguntzailearen arabera, sofan hizketan ari zirela, musua ematen saiatu zen produktorea, eta harengandik aldentzen saiatu zenean, erasotzaileak heldu eta gela batera eraman zuen, behartuta, eta ohe gainean immobilizatu eta indarrez ahozko sexua egin zion.

Lekukoak Weinsteini gelditzeko eskatu zion, hilekoarekin zegoela esan zion eta behin eta berriz altxatzen saiatu zen, baina honek ez zion kasurik egin. "Ni bortxatzen ari da", pentsatu zuen orduan, eta, horren ostean, "shock" egoeran zegoela, ihesbiderik gabe ikusi zuen bere burua, eta erasoari eutsi zion, Fiskaltzaren akusazio-agirian deskribatuta dagoenez.

Aste batzuk geroago, neska gaztea berriro elkartu zen ekoizlearekin Tribecako hotel batean (Manhattan), eta, bere kontakizunaren arabera, logelan sartzean, honek eskutik hartu eta ohera eraman zuen. Bertan, "geldirik" geratu zen, hark bortxatzen zuen eta "urdanga" deitzen zion bitartean.

Weinsteinen defentsaren iritzian, emakumearen kontakizuna eta 2008an, topaketa horiek izan eta bi urtera, emakukeak bidalitako mezuak ez datoz bat, maitasunez zuzendu zitzaiolako mezu horietan. Dena den, neskak adierazi du harremanari eutsi ziola aukera profesionalak izateko aukera ez ixteko.

Salatzailearen testigantza gordina Annabella Sciorra aktorearen deklarazioaren ostean entzun dute. Ostegunean deklaratu zuen hark, eta ekoizleari sexu-erasoak leporatu dizkioten beste lau emakume daude oraindik deklaratzeko zain, Jessica Mann aktore izateko hautagaia tartean.

________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Ameriketako Estatu Batuak Aktoreak Zinema Eguneko albisteak Albisteak