Mundua -
Ekialde Hurbila
Trumpek Israelen eta Palestinaren arteko bake plan bat aurkeztuko du asteartean
Plana "mendeko akordioa" izango dela adierazi du AEBko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Donald Trumpek, gaur iragarri duenez, asteartean Ekialde Hurbilerako bake plana aurkeztuko du. Palestinarren babesa izatea espero du, nahiz eta Ramallah ez den AEBko Gobernuarekin fidatzen.
"Bihar 12:00etan (18:00ak, Euskal Herrian) aurkeztuko dugu plana, oso plan handia da eta Israelentzako eta Palestinarentzako iradokizuna izango da", esan du Trumpek Etxe Zuriko bulegoan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu ostean.
Mohamed Shtaye lehen ministro palestinarrak esan du "mendeko akordioak" (hala deitu dio Trumpek) Israeli mesede egiten diola herritar palestinarren eskubideen kontura. Gainera, akordioak gatazka konpontzeko oinarririk finkatzen ez duela azpimarratu du.
"Akordio horrek ez die herritarrei lurralde okupatua itzultzen, ez ditu 1967ko mugak onartzen, ez du Jerusalem lurralde okupatutzat definitzen, baizik eta Israelgo hiriburu bezala, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren aurkako gerra ekonomikoa abiatzen du, Palestinak Washingtonen duen bulegoa ixten du eta Palestinar Aginte Nazionalaren iturri ekonomikoak lehortzeko helburua du", gehitu du Shtayek.
Horregatik, behin eta berriz esan du akordioaren helburu bakarra "Palestinako Kausa akabatzea" dela, eta nazio arabiarra inoiz baino batuago egotea eskatu du: "nazio arabiarrak batuta egon behar du, eta Palestina konspiraziotik babestu eta biztanleen giza eskubideak babestu behar dituen ezkutu bihurtu behar du".
Palestinar Aginteak ezezkoa eman dio jada AEBren bitartekaritzari Jerusalemen estatusari buruz hartu duen erabakiagatik, Israelen aldeko jarrera partziala duela iritzita.