Mundua -
Indarkeria matxista
Beste bortxaketa eta sexu eraso bat egotzi dio Fiskaltzak Weinsteini
Weinsteinek New Yorken bi emakume bortxatzeagatik (2006an eta 2013an) epaitua izango den egunean azaleratu da.
Agentziak | Erredakzioa
2013an beste bortxaketa bat eta sexu eraso bat egin izana egotzi dio Los Angelesko (AEB) Fiskaltzak Harvey Weinstein zinema ekoizleari.
Weinsteinek New Yorken bi emakume bortxatzeagatik (2006an eta 2013an, hain zuzen) epaitua izango den egunean azaleratu da.
Los Angelesko Fiskaltzaren arabera, Weinsteinek "bere boterea eta eragina erabili zituen biktimak atzemateko, ondoren haien aurkako krimen bortitzak egiteko".
Lehen erasoa Los Angelesko hotel bateko gelan izan zen, 2013ko otsailaren 18an. Jackie Lacey fiskalak azaldu duenez, Weinstein hotelera joan zen eta emakume bat bortxatu zuen, bere gelara bultzatu ostean.
Bigarren erasoa hurrengo gauean izan zen. AEBetako CBS katearen arabera, Weinsteinek emakume bati eraso egin zion Beverly Hillseko hotel batean.
Biktimak 2017an salatu egin zuten, ekoizleak beste emakume batzuei ere eraso egin ziela jakin ostean.
Weinsteini bortxaketa delitu bat egotzi diote lehen gertakarian, eta sexu erasoa bigarrenean, Laceyk azaldu duenez.
Fiskalak jakitera eman duenez, azken egunetan zortzi emakume aurkeztu dira Los Angelesko konderrian Weinsteinek egindako sexu erasoak eta bortxaketak salatzeko. Dagoeneko legezko bidean dauden bi akusazioei beste hiru gehitu dakizkieke, karguak aurkeztuko diren ala ez zehazteko zain.
Hala ere, hiru kasu baztertu dituzte, preskribatu dutelako, Laceyk zehaztu duenez.
___________________________