Mundua -
COP25
Abian da klimaren inguruko goi-bilera: 'Mundua guri begira dago. Jarduteko ordua da'
Munduko goi-bilera 2020ko Parisko Akordioa ezarri aurreko azken urratsa da; izan ere, berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko konpromiso handiagoak eskatzen zaizkie herrialdeei.
Agentziak | Erredakzioa
Klimaren inguruko mundu mailako goi-bilera (COP25) inauguratu dute gaur, astelehena, 08:30ean, Madrilen. Ordu horretan, Michal Kurtyka Poloniako Klimako ministro eta COP24ko presidenteak Carolina Schmidt Zaldivar Txileko Ingurumen ministroaren esku utzi du klimari buruzko goi-bileraren presidentetza.
“Mundua guri begira dago. Neurriak hartzeko garaia da”, esan du topaketa horren presidente berriak, eta ziurtatu du COP25en leloa ez dela “eslogan” bat, beharrezkoa baita trantsizio klimatikoa “azkarragoa, bidezkoagoa eta inklusiboagoa” izatea.
Schmidt Zaldivarrek azpimarratu du Txileko presidentetzak Latinoamerika eta Karibea ordezkatzen dituela, eta garapen bidean dauden herrialdeek garatutakoek ez dituzten ingurumen, gizarte eta politika arazoak dituztela. “Erronka bera dugu, baina beharrizan ezberdinekin”, azaldu du, eta gogorarazi du krisi sozialak, bere herriak bizi duena esaterako, eta ingurumenekoak “txanpon beraren bi aldeak direla, elkarrekin aurre egin behar zaienak”.
Halaber, 2015ean Parisko Akordioan adostutako konpromisoak ez direla nahikoak adierazi du, eta mundu osoko gobernu guztiak eta gainerako eragileak gonbidatu ditu Klima Ingurumenaren aldeko Aliantzarekin bat egitera (Espainia aliantza horren parte da jada), 2020an berotegi-efektuko gasak murrizteko ekarpen nazionalak eguneratzeko eta 2050ean klima-neutraltasunerako konpromisoa hartzeko. Abenduaren 11 handinahi klimatikoaren eguna izango dela azpimarratu du.
50 bat estatuburu eta gobernuburu, ministro, 196 herrialdetako gobernuetako ordezkari, nazioarteko erakunde, enpresa handi eta enpresa-erakunde, gizarte zibileko eta ingurumeneko gobernuz kanpoko hainbat erakunde eta mundu osoko komunikabideetako eragile izan dira klimaren urteroko hitzorduaren inaugurazio ofizialean. COP25 bilera abenduaren 2tik 13ra bitartean egingo dute, Madrilen, larrialdi klimatikoaren aurkako munduko ekintza adosteko eta 2020tik aurrera Parisko Akordioa ezartzeko.
Sanchezek "haratago" joateko eskatu du
Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak adierazi duenez, "haratago joan beharra dago" eta "neurriak azkarrago hartu behar dira". Sanchezen esanetan, "inflexio-puntu bat ezartzen ez badugu, atzera-bueltarik gabeko puntua atzean utziko dugu".
Ildo horretatik, Sanchezen esanetan, "Espainia prest dago" aurrerapausoak emateko, eta emisioak murriztuko ditu Glasgowko goi-bilerara begira, hori izango baita datorren urteko goi-bileraren egoitza.
Hasieran Txilen egitekoa zuten topaketa
Munduko goi-bilera 2020an Parisko Akordioa ezarri aurreko azken urratsa da; izan ere, berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko konpromiso handiagoak eskatzen zaizkie herrialdeei, eta krisi klimatikoaren aurka ekarpen sendoagoak egingo dituzte.
Bilera horretan, estatuburu eta gobernuburu ugari eta askotariko erakundeetako arduradunak izango dira, 50 inguru, eta Espainiako erregeak harrera egingo die astelehen arratsaldean, Errege Jauregian.
Besteak beste, hauek hartuko ditu: Édouard Philippe, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente berria, David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea eta Nancy Pelosi AEBko Ordezkarien Ganberako presidentea.
Mauricio Macri Argentinako presidentea eta Carlos Alvarado Costa Ricako presidentea ere egongo dira bertan, baita Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen eta Garapenerako Banku Interamerikarraren ordezkariak ere. Bestalde, Al Gore AEBko presidente ohiak hitzaldia emango du goi-bileraren esparrutik kanpo.
Mundu mailako goi-bileraren egoitza azken orduan aldatu dute. Txilen egitea aurreikusita zegoen, baina, azken unean, herrialde horretako barne krisi latzaren ondorioz, Madrilen biltzea erabaki dute. Sebastian Piñera herrialdeko presidenteak ezingo du Madrilera joan, bere agenda politikoaz arduratu behar duelako.
Tentsio geopolitikoak eta Donald Trump presidenteak berriki iragarri duen Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren erabakia (AEB Parisko Akordiotik kanpo geratzea) izango dira goi-bileraren berezitasunetako batzuk.
Gainera, Greta Thunberg aktibista ezagunak krisi larriaz ohartarazten duten txosten zientifikoen gomendioak kontuan hartzeko eskatu die munduko gobernuei, planetaren tenperatura 1,5 gradu besterik igo ez dadin.
Antonio Guterres: "Krisi klimatikoaren aurkako itzulerarik gabeko puntua gainean dugu"
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Madrilen egingo den mundu mailako goi-bileraren aurretik egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, "krisi klimatikoaren aurkako itzulerarik gabeko puntua gainean dugu".
Era berean, Guterresek gaineratu du bere mezua ez dela etsipenarena, itxaropenarena baizik, "baina naturaren aurkako erasoak gelditu behar ditugu, eta posible da hori egitea".
Asmoak eta erantzukizuna handitu behar direla azaldu du Guterresek, eta, gaineratu duenez, "herrialdeek beren konpromisoak aurkeztu behar dituzte" abenduaren 13an amaituko den topaketan.
"Aldaketa klimatikoa aurreikusitakoa baino azkarrago ari da gertatzen, eta, beraz, konpromiso handiagoak lortu behar dira", adierazi du. Halaber, karbonoari prezio bat jartzea eta erregai fosilen zentral termikoekin amaitzea proposatu du.
Europako Itun Berdea
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidente berriak Klimaren Goi Bilera erabiliko du bere ekimena azaltzeko: klimari begira Europa 2050ean kontinente neutroa izatea eta 2030erako karbono dioxidoaren isurketak murrizteko helburua % 40tik % 55era igotzea lortu nahi du Europako Itun Berdeak.
Europar Batasuneko herrialde gehienak helburu hori finkatzearen alde dauden arren, oraindik ezin izan dute onartu Poloniak, Hungariak eta Txekiak betoa jarri diotelako; izan ere, herrialde horiek energia fosilen menpe daude oraindik, eta trantsizioak ekar dezakeen kostu ekonomikoaren beldur dira.
Von der Leyenen hitzetan, "28 estatu kideak kontuan izaten ari gara, denok ulertzen dugulako premiazko kausa dela", eta Europako Itun Berdea "hazkunde-estrategia berri gisa" planteatu nahi duela azpimarratu du.
Von der Leyenek asiar erraldoiak hartutako kontzientzia nabarmendu du. "Albiste ona da Txinak berak klima aldaketaren jakitun dela esatea", eta herrialdeak emisio eskubideen merkataritza sistema propioa abiatzeko asmoa duela gaineratu du.
Batzordeko presidenteak Li Kequiang Txinako lehen ministroarekin telefonoz hitz egin zuen igandean, eta Txinak "aintzat hartuko du Europako Itun Berdea", esan omen zion.