Mundua -
Europako Batzordea
Von der Leyen eta bere 26 komisarioak Europako Batzorde berriaren buru dira jada
Buruzagi berrien erantzukizuna jaso duten "altxorra" baino "Batasun indartsuago bat uztea" dela azpimarratu du Europako Batzordeko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Ursula von der Leyen kontserbadorea buru duen Europako Batzorde berria igande honetan abiatu da (abenduaren 1ean). Batzorde berrian 26 komisario daude; izan ere, Erresuma Batuak ez du berea aurkeztu, brexita urtarrilaren amaierara arte atzeratu ostean; Erresuma Batuak, gainera, hauteskundeak ditu deituta hilaren 12rako.
Hamabi emakume dituela, inoizko Europako Batzorderik parekideena da. Hilabeteko atzerapenarekin abiatu da; izan ere, Frantziak, Errumaniak eta Hungariak hasiera batean aurkeztutako hautagaiek ez zuten Europako Parlamentuaren oniritzia jaso. 26 komisarioetatik, soilik zortzi zeuden Jean-Claude Junckerrek zuzendutako Batzordean.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Charles Michel Europako Kontseiluko buruzagia, David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea eta Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) buruzagia ekitaldi laburreko protagonistak izan dira Europako Historiaren Etxeko museoan.
Buruzagi berrien erantzukizuna jaso duten "altxorra" baino "Batasun indartsuago bat uztea" dela azpimarratu du Von der Leyenek. "Kontinente bat bakean, eskubide eta askatasunekin, aurrekaririk ez duen eta aukerak eskaintzen dituen merkatu bakar batekin", erantsi du. "Guztien artean, adreiluz adreilu eta egunez egun, eraiki behar dugu", eskatu du.
"Europako eraikuntza bultzatzeko" unea dela nabarmendu du David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak, "Europako demokrazia modernoagoa eta eraginkorragoa egiteko".
Bestalde, Kontseiluko presidentearen nabarmendu duenez, Lisboako Itunak aniztasuna "Europako DNAn funtsezkoa" dela identifikatu zuen.
Azkenik, "azken hamar urteetako konpontze lanak atzean utzi eta berrikuntza zein itxaropen garai bati heltzeko" ordua dela adierazi du Christine Lagarde EBZko presidenteak.
Presidente berria eta 26 komisarioek azaroaren 27an erdietsi zuten Europako Parlamentuaren abala, aldez aurretik hiru talde handiek, alegia, kontserbadoreek, sozialistek eta liberalek, lortutako hitzarmenari esker. Gainera, gehiengo handia eskuratu zuten; Von der Leyenek, uztailean, aldiz, gutxigatik jaso zuen Parlamentuaren babesa.
Nolabaiteko polemika izan zen Von der Leyen izendatu zutenean. Orain arte, Batzordearen presidentetzarako, beti aukeratu izan dute hauteskundeetan botorik gehien lortu duen taldearen zerrendaburua, baina hori ez zen gertatzen presidente berriari dagokionez.
Garai hartan (izendatu zutenean) Alemaniako Defentsa ministroa zen Von der Leyen, hori bai, Europako Alderdi Popularraren kidea zen, hau da, Europako Parlamentuko indar nagusiaren kidea. Halaber, emakumea izatearen balio erantsia zuen; lehen aldiz zuen emakume batek aukera Batzordearen presidentetza bere gain hartzeko, eta agintariek, horren bidez, mezua bidali nahi izan zieten herritarrei.
Zortzi presidenteorde; hiruk izango dute botere betearazlea
Zortzi presidenteorde izango ditu komisarioen talde berriak; tartean, Josep Borrell Espainiako Gobernuaren ministro ohia izango da, kanpo-arazoetarako eta segurtasun-politikarako goi-ordezkariaren karguan. Zortzi horietatik, hiruk soilik izango dute botere betearazlea; hauek izango dira: Herbehereetako Frans Timermans (Europako Itun Berdearekin lotutako lana koordinatuko du, eta klimaren aldeko ekintza-politika kudeatuko du), Danimarkako Margrethe Vestager (Europak garai digitalarekin duen lotura koordinatuko du, eta lehiakortasunaz ere arduratuko da), eta Letoniako Valdis Dombrovskis (berriro ere, presidenteorde ekonomikoa izango da).
Borrell kenduta, botere betearazlerik gabeko beste lau presidenteorde izango ditu Batzordeak: Vera Jourova txekiarrak Balioak eta Gardentasuna hartuko du bere gain; Margaritis Schinas greziarra Immigrazio arlo berriaz arduratuko da ('Europar bizimoduaren sustapena' izango du izena arlo horrek, bain hasiera batean 'Europar bizimoduaren babesa' izena eman zioten, eta horrek hautsak harrotu zituen); Maros Sefcovic eslovakiarrak Erakundeen arteko Harremanak eta Aurreikuspena hartuko du; eta Dubravka Suica kroaziarrak Demokrazia eta Demografia arloa hartuko du bere gain. Suica, halaber, Europako Etorkizunaren gaineko Konferentziarekin lotutako lanaren Batzordearen zuzendaria izango da.