Mundua -
Israel
Israelgo fiskalburuak Netanyahu auzipetu du, ustelkeria egotzita
Hiru urteko ikerketaren ondotik iritsi da lehen ministroaren auzipetzea. Testuinguru honetan, litekeena da Israelen hirugarren hauteskundeak egitea urtebetean.
agentziak | erredakzioa
Avichai Mandelblit Israelgo fiskalburuak Benjamin Netanyahu lehen ministroa auzipetu du, ustelkeria egotzita, Fiskaltzak jakinarazi duenez.
Haaretz egunkariaren arabera, eroskeria, iruzurra eta konfiantza urratu izana leporatu diote hiru auzi ezberdinetan.
Fiskal nagusiaren esanetan, "demokraziak ezin du ustelkeria kasurik eta konfiantza urraketarik onartu". "Gaurkoa egun zaila, baina garrantzitsua da", erantsi du.
Mandelbiltek otsailaren 28an iragarri zuen Netanyahu hiru auzitan auzipetzeko asmoa zeukala, ustelkeria egotzita. Alabaina, irailean deitutako hauteskundeen ondorioz, saioak atzeratu egin zituzten.
Netanyahu hiru urteko ikerketa baten ondorioz auzipetu dute. Lehen aldiz epaituko dute Israelgon lehen ministro bat.
Bestalde, Netanyahuk ez du lortu koalizio gobernua osatzeko akordiorik, eta oposizioaren kritika gogorrak jaso ditu. Testuinguru politikoa hori dela, litekeena da hauteskundeak errepikatu behar izatea Israelen. Urtebetean hirugarren hauteskunde deialdia izango litzateke.