Mundua -

Bolivia

2020an Bolivian hauteskundeak errepikatzeko ekimen bat abian jarri dute

Jeanine Añez herrialdeko behin-behineko presidentearen esanetan, helburua “hauteskunde-prozesu gardena bermatzea” eta “emaitza errespetatua izatea” da.

Jeanine Añez Boliviako behin-behineko presidentea. Argazkia: EFE
Jeanine Añez Boliviako behin-behineko presidentea.
Jeanine Añez Boliviako behin-behineko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boliviako behin-behineko Gobernuak hauteskunde orokorrak deitzeko prozesua abiatzeko lege-proiektu bat bidali du Parlamentura eta, oraindik data zehatzik jarri ez badute ere, ekimen horren enuntziatuan "2020ko Hauteskunde Orokorretarako lege-egitasmoa” dela aipatzen da.

Jeanine Añez bere burua herrialdeko behin-behineko presidente izendatu zuenak La Paz hirian jaso zuen proiektu hori, Parlamentura igorri aurretik. Bertan, Evo Morales presidente ohiaren MAS Sozialismorako Mugimenduak du gehiengo osoa.

Kazetarien aurrean egindako agerraldian, helburua “hauteskunde-prozesu gardena bermatzea” eta hauteskundeetan lortutako “emaitza errespetatua izatea” dela esan zuen Añezek.

Boliviako behin-behineko presidentearen esanetan, herrialdean urriaren 20an egindako hauteskundeetan atzemandako "iruzurrak asaldura handia eragin du herritarren artean”.

Añezek agerraldi horretan gogorarazi zuenez, Parlamentuak hauteskunde-organo berri bat izendatu behar du prozesua martxan jartzeko.

Izan ere, Hauteskunde Auzitegi Goreneko kideak eta Boliviako bederatzi eskualdeetan dituzten ordezkaritzak auzipetuta daude, horietako batzuk behin-behineko espetxealdian, bozetan izandako ustezko iruzurraren erantzule izatea leporatuta.

Testuinguru horretan, Boliviako behin-behineko presidenteak azaldu zuenez, hauteskunde-organo berriak finkatuko du hurrengo hauteskundeetarako egutegia.

Zehazki, 2020ko Hauteskunde Orokorretarako prestatutako Hauteskunde Araubide Iragankorraren Lege-proiektua "adostasun nazionala lortzeko oinarrizko dokumentu bat da”, eta bertan jasotakoa Parlamentuan alda daiteke, Añezek azaldu zuenez.

Bestalde, Alvaro Coimbra jarduneko Justizia ministroak azaldu zuenez, hauteskundeak deitu ahal izateko lehenik eta behin urriaren 20ko bozketa baliogabetu behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da Boliviako egungo legea aldatzea.

Bolivia, bere historiako gatazkarik larrienetako batean murgilduta dago, urriaren 20ko hauteskundeen biharamunean Evo Moralesen aurkako iruzur-salaketak hasi zirenetik.

Azaroaren 10ean, Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) “irregulartasun larriak” antzeman zituen txosten batean, eta ordu batzuk geroago Moralesek kargua utziko zuela iragarri zuen, ia 14 urtez boterean egon ondoren, Indar Armatuek behartuta. Hurrengo egunean Mexikora joan zen babes bila, eta bertan jarraitzen du.

Moralesek "Estatu kolpe" baten eraginez dimisioa ematera behartuta egon zela uste dute Latinoamerikako hainbat gobernuk eta politikarik.

Beste herrialde batzuek, aldiz, Jeanine Añezen Gobernua onartu dute, eta nazioarteak elkarrizketarako deia egin du, herrialde horrek bizi duen krisi politikoari buruz iritzirik eman gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Bolivia Ekuador