Mundua -
Bolivia
Evo Moralesek 'gizateriaren aurkako krimenak' salatu ditu Bolivian
Halaber, azken egunetako "errepresioaren ondorioz izandako 24 heriotzen egile intelektual eta materialak identifikatzeko" eskatu dio Moralesek behin-behineko Gobernuari.
Agentziak | Erredakzioa
Evo Morales Boliviako presidente ohiak "errepresio militarrak eragindako gizateriaren aurkako delituak" salatu ditu herrialdean. Ildo horretatik, azken egunetako istiluek utzitako 24 hildakoen egileak identifikatzeko eskatu dio behin-behineko Gobernuari.
Zehazki, Twitter bidez zabaldutako mezu batean, azken bost egunetan "Poliziaren eta militarren errepresioaren ondorioz izandako 24 heriotzen egile intelektual eta materialak identifikatzeko" eskatu dio Moralesek Jeanine Añezen behin-behineko Gobernuari.
"Zigorrik gabe geratu behar ez diren gizateriaren aurkako delitu hauek nazioarteko herrialdeen aurrean salatzen ditut", esan du Moralesek sare sozial horretan zabaldutako mezu batean.
Boliviako presidente ohiak azpimarratu duenez, "samaldaren abokatua errepresio armatua justifikatzen saiatzen ari da". Ildo horretatik, Boliviako Poliziak eta Indar Armatuek "herritarren bizitza zaintzeko betebehar konstituzional, etiko eta morala" dutela nabarmendu du.
CIDH Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak salatu duenez, gutxienez 24 pertsona hil eta 715 zauritu dira Bolivian krisi instituzionala eta politikoa hasi zenetik.
Moralesek azaroaren 10ean utzi zuen presidente kargua, eta, handik bi egunera, Mexikora joan zen. Carlos Mesaren 27977 Dekretu Gorena erabili izana leporatu dio Boliviako behin-behineko Gobernuari, egunotan hildako 24 herritarren "sarraskia zigorrik gabe uzteko helburuarekin". Halaber, Carlos Mesa "estatu-kolpearen konplizea" dela adierazi du.
Boliviako presidente ohiaren esanetan, aipatutako dekretua "Konstituzioaren aurkakoa da, gatazka zibilak eta gerra egoerak parekatzeagatik". Testuinguru horretan, Indar Armatuak ez daudela haien erantzukizunetik salbuetsita adierazi du. Izan ere, herrialdean ordena publikoa bermatzeko operatiboetan parte hartzen ari diren Indar Armatuetako kideak erantzukizun penaletik salbuesteko dekretu bat sinatu zuen Jeanine Añez Boliviako behin-behineko presidenteak.