Mundua -

KRISI LARRIA

Jada bederatzi dira Poliziak Bolivian, Cochabamban, hildako manifestariak

Michelle Bachellet NBEn Giza Eskubideetarako Goi Ordezkariak Cochabamban Poliziak "indarra beharrik gabe eta modu desproportzionatuan erabili" duela salatu du.

Sacaba, Cochabamba, azken orduetan liskarrik gogorrenak izan diren lekua. Argazkia: EFE
Sacaba, Cochabamba, azken orduetan liskarrik gogorrenak izan diren lekua.
Sacaba, Cochabamba, azken orduetan liskarrik gogorrenak izan diren lekua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bolivian, Cochabamba eskualdean dagoen Sacaba hirian Poliziak eta Armadak Evo Moralesen aldeko manifestariei tiro egin diete eta enfrentamenduak gutxienez bederatzi hildako utzi ditu, dozenaka zauritu eta ehundik gora atxilotu, Nelson Cox Herritarren Defentsarako ordezkariak jakitera eman duenez.

Sacabako Mexico Ospitalean hil ziren bost manifestari ostiralean eta gaur IDIF Auzitegi Mediku Institutura eraman dituzte heriotzaren arrazoia argitzeko. Beste lau biktima Vieda Ospitalean hil dira azken orduetan. Guztiek tiroak dituzte buruan eta bularrean, Coxek emandako informazioaren arabera.

Huayllani zubian gertatu zen tiroketa. Jaime Zurita Cochabambako Polizia komandanteak poliziaren jarrera justifikatu du esanez manifestariei suzko armak, etxean egindako bazokak eta lehergailuak aurkitu zizkietela.

Evo Morales Boliviako presidente ohiak gogor kritikatu ditu manifestarien heriotzak eta haien kontra tiro egin izana: "Munduaren aurrean salatu nahi dut nire Bolivia maitean botera asaltoz hartu duen erregimen kolpistak bakea eta Zuzenbide Estatua berrezartzea eskatzen duten herritarrak tiroz erreprimitzen dituela, Indar Armatuak eta Polizia erabiliz" idatzi du Twitterren: "Sacaban, Cochabamban, tiroz hiltzen ari dira gure anaia-arrebak".

Indar Armatuei "sarraskia gelditzeko" eskatu die: "Herriaren instituzioetako uniformea ezin da herritarren odolarekin zikindu".

Bacheletek "indarra beharrik gabe eta modu desproportzionatuan" erabili dutela salatu du

Michelle Bachellet NBEn Giza Eskubideetarako Goi Ordezkariak Cochabamban Poliziak manifestarien aurka "indarra beharrik gabe eta modu desproportzionatuan erabili" duela salatu du.

Cochabambako hilketak "segurtasun indarren munizioagatik" izan direla salatu du. "Protestak hasi zirenetik gutxienez 17 pertsona hil direla jakin dugu, eta azken egunotan bakarrik 14" jakinarazi du.

"Lehen heriotzak aurkarien artean izandako istiluetan gertatu baziren ere, berrienak poliziak eta militarrek gehiegizko indarra erabili dutelako izan direla" salatu du.

Hori ikusita, heriotza horiek gaitzetsi ditu Bacheletek eta Poliziaren jarrera oso arriskutsua dela adierazi du, indarkeria baretu beharrean "okertu" egingo baitute. "Asko kezkatzen nau Boliviako egoerak eskuetatik ihes egiteak, agintariek ez badute tentuz jokatzen eta indarraren erabilerarako dauden nazioarteko arauak errespetatzen ez badituzte, ezta giza eskubideak ere" esan du.

Kubako 226 medikuk alde egin dute Boliviatik

Bien bitartean, Kubako 226 medikuk alde egin dute gaur Boliviatik, Santa Cruz aireportutik, Boliviako egungo behin-behineko agintariek talde hori protesten finantzaketarekin lotu eta gero.

Kubak Boliviatik aterako ditu kooperazioan aritzen diren bere 725 herritarrak, arriskuan egon ez daitezen.

Boliviako prentsak Komunikazio ministroa kritikatu du honek kazetariei mehatxu egin ostean

Jeanine Añez bere burua Boliviako presidente izendatu zuenak Roxana Lizarraga jarri zuen Komunikazio ministro karguan eta honek oso adierazpen polemikoak egin ditu prentsaren paperari buruz. Horren aurrean, ANP-Diarios Boliviako Prentsaren Elkarteak gogor kritikatu du Lizarraga kazetariei egin dien mehatxuengatik.

Lizarragak ohartarazpena egin zien "sedizioa" egiten duten "sasikazetariei" eta Arturo Murillo ministroak "behar diren neurriak" hartuko dituela iragarri zuen.

Horren aurrean, ANPk eskatu du "Komunikazio Ministerioak prentsa askatasuna errespeta dezala eta ez ditzala botearen tresnak erabili komunikabideak ito eta egungo Gobernuarekin kritiko diren ahotsak isilarazteko".

Kazetari lana egiteko bermeak eskatu ditu Prentsa Elkarteak eta informazioa errazteko: "Gure funtzioak betetzen ari garenok errespetua merezi dugu, eta kazetariei eraso fisiko zein hitzezkorik ez egitea eskatzen dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Eguneko albisteak Albisteak Bolivia Giza eskubideak