Mundua -
VENEZUELA
Guaidok mobilizatzera deitu ditu herritarrak, 'Boliviakoa Venezuelan gerta dadin'
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ere mobilizatzera deitu ditu bere jarraitzaileak, eta estatu kolpe saiakerarik ez egiteko ohartarazi die opozisioko kideei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Guaido Venezuelako oposizioburuak mobilizatzera deitu ditu gaur herritarrak eta kaleak hartzeko deia egin die, Nicolas Maduroren Gobernuaren kontra protesta egiteko. Modu horretan, "Bolivian gertatu dena" Venezuelan gertatuko dela ziurtatu die bere jarraitzaileei.
Guaido Venezuelako Parlamentuko presidenteak Gobernuko behin-behineko presidente izendatu zuen bere burua joan den urtarrilean, eta azken hilabeteotan egoera zerbait baretu bada ere, giro politiko oso nahasia bizi dute Venezuelan.
Twitter sare sozialean gaur zabaldutako mezu baten bidez, "etengabeko protesta" bat abian jartzeko eskatu die jarraitzaileei Guaidok. "Bolivian bezala, Armada eta Polizia herriaren alde jartzea lortu behar dugu", esan du. Harik eta Maduro boteretik kendu arte, "gelditu gabe borrokan" jarraitzeko beharra aldarrikatu du.
Arrazoi ezberdinak tarteko, Perun, Ekuadorren, Txilen eta Bolivian tentsio handia dago kaleetan. Bolivian, azken asteotan oposizioak deitutako manifestazioetan izandako istiluek Evo Moralesen presidentearen dimisioa ekarri dute, eta Jeanine Añez oposizioburuak herrialde horretako behin behineko presidente izendatu du bere burua. Guaidorentzan "inspirazio iturri" da Añez, Venezuelan "trantsizio baketsu" bat ezartzeko.
Bere aldetik, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ere mobilizatzera deitu ditu bere jarraitzeileak, eta estatu kolpe saiakerarik ez egiteko esan dio oposizioari.