Mundua -
BOLIVIA
Morales: 'Boliviako herria suntsitzen ari dira. Sarraski bat da'
Boliviako presidente ohiak esan duenez, dimisioa eman eta bere 'egitekoa bete' duen arren, borrokak aurrera darrai.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Presidente modura bere misioa eta egitekoa beteta eman duela dimisioa esan du Evo Morales Boliviako presidente ohiak, CNN kateari eskainitako elkarrizketa batean. "Bete dut nire misioa eta bete dut nire egitekoa, baina borrokak aurrera darrai", nabarmendu du. Behin kargua utzita, orain, bere burua presidente ohitzat duela ere garbi utzi du, eta posizio horretatik defendatuko dituela boliviarren eskubideak esan du.
Boliviako Asanbladak bere dimisioa atzera botako balu, herrialdeak bi presidente izango lituzkeela esan du Moralesek: "bat, estatu kolpe baten ondorioz jarritakoa, eta, bestea, legezkoa, herriak aukeratutakoa".
Dimisioaz galdetuta, presidente ohiak esan du ez duela kargua utzi ausardia ezagatik, herria pairatzen ari den bortizkeria geldiarazteko baizik. "Orain, demokrazia berreskuratzea dagokigu, eta horretarako, diktadura suntsitu behar dugu. Orain jakingo dute nortzuk garen, eta pozik nago, alde horretatik", gaineratu du.
"Eskuin arrazista, faxista eta golpista" boliviarrak zapaltzen ari dela, eta horiei aurre egitea dela bere helburua esan du presidente izandakoak.
Gogor kritikatu du Boliviako Armada, "diktadura baten eta sarraski baten konplize" direlako. "Hau da benetako diktadura, estatu kolpe baten aurrean gaude. Belaunaldi berriek ikus bezate zer den benetako diktadura", zehaztu du.
Urriaren 20an Bolivian egindako hauteskundeen lehen itzulia gardentasun osoz irabazi zuela berretsi du Moralesek.