Mundua -
EKIALDE HURBILA
Jordaniak duela 25 urte Israeli utzitako lurrak berreskuratu ditu
Jordaniako erregeak igande honetan iragarri duenez, Jordaniak "erabateko subiranotasuna ezarri du Al Baqura eta Al Ghamr eskualdeetako zentimetro bakoitzaren gainean".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jordaniak Al Baqura eta Al Ghamr lurralde txikiak Israelgo nekazariei lagatzeko akordioaren amaiera iragarri du azaroaren 10ean. Akordioa duela 25 urte sinatu zuten, 1994ko bake itunaren baitan.
Jordaniako Abdala erregeak azpimarratu duenez, bere herrialdeak "erabateko subiranotasuna ezarri du bi eskualde horietako zentimetro bakoitzaren gainean", Petra albiste-agentzia ofizialaren arabera.
Israelgo nekazariak "oso atsekabetuta" agertu dira, eta Israelgo Armadak azpimarratu du Ghamr (Tzofar, israelentzat) hiriko lurrak erabiltzen dituzten nekazariak babesten jarraituko duela. "Tzofarrerako egindako akordio diplomatikoei eutsiko diegu, eta segurtasun indarrek eremua babesten eta komunitatearekin elkarlanean jarraituko dute", esan dute.
Al Baqura oso leku turistikoa da, Israel, Jordania eta Siriaren arteko mugan baitago. Al Ghamr, berriz, muga aldean dagoen eskualde txiki bat da.
Egipto lehenik, 1979an, eta Jordania gero, 1994an, izan ziren Israelekin bakea sinatu zuten lehen bi herrialdeak, nahiz eta formalki 1967ko mugak izango lituzkeen estatu palestinar baten eskaria babesten duten.
Berez, Jordania da Israelekin bake-akordioa duen bi estatu arabiarretako bat, baina ituna ez da oso ezaguna Jordanian, eta palestinarren aldeko sentimendua oso zabalduta dago.
Harreman bereziki hotzak dituzte une honetan, azken urteotako bake-prozesuen porrotaren eta Jerusalemi buruzko norgehiagokak gaiztotu izanaren ondorioz.