Mundua -
Hauteskundeak Bolivian
Evo Moralesek Carlos Mesarekin neurtuko ditu indarrak bigarren itzulian
Boliviako presidenteak hiru hauteskunde jarraian irabazi ditu lehen itzulian gehiengo oso zabala lortuta.
Agentziak | Erredakzioa
Evo Morales presidente boliviarrak Carlos Mesa oposizioko buruarekin neurtuko da indarrak bigarren itzulian. Seguruenik, abenduan egingo dute, Boliviako Hauteskunde Auzitegi Gorenak igandean aurreikusitako emaitzak betez gero.
Hauteskundeak laugarren aldiz jarraian irabazten saiatu da Morales, baina botoen % 45,28 lortu ditu oraingoan, eta, beraz, bigarren itzulia beharko du. Botoen % 83,76 zenbatu ostean, oposizioko buruak botoen % 38,16 lortu ditu, behin-behineko datuen arabera.
Emaitzak egiaztatzekotan, 2002tik lehen aldiz jo beharko du Moralesek bigarren itzulira. Orduko hartan, Gonzalo Sanchez de Lozadaren (2002-2003) aurka galdu zuen, baina ordutik Bolivian egin dituzten hiru hauteskundeetan gehiengo oso zabala lortuta nagusitu da.
Atzerapena botoen zenbaketan
Amerikako Estatuen Erakundeak aurretiazko botoen zenbaketan izandako bat-bateko etenaldia azaltzeko eskatu dio Boliviako Hauteskunde Auzitegi Gorenari.