Mundua -

Erresuma Batua

'Brexit'aren akordioa geldiarazi du Erresuma Batuko Parlamentuak

Lehen ministroak adierazi duenez, horrek ez du atzeratuko urriaren 31erako aurreikusita dagoen Erresuma Batuaren irteera.

Boris Johnson, Komunen Ganberan. Argazkia: EFE
Boris Johnson, Komunen Ganberan.
'Brexita'ren atzerapena eskatu behar dio Erresuma Batuko lehen ministroak EBri

1:05

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko Gobernuak 'brexit'-aren akordioa Parlamentuan ez bozkatzea erabaki du, Boris Johnson lehen ministroa urriaren 31tik haratagoko luzapen bat eskatzeko behartzen duen zuzenketa bat onartu ostean.

Ezohiko bilkura egin du Komunen Ganbarak, lehenengo aldiz azken 37 urteetan, akordioari buruzko bozketa egiteko, baina azkenean ez dute gaur egingo.

Lehen ministroak ostegunean lortu du brexit-aren inguruko akordioa Europar Batasunarekin, baina hori geldiarazi duen zuzenketak aldeko 322 boto eta kontrako 306 izan ditu.

Oliver Letwin diputatu independenteak (kontserbadore ohia) proposatu du zuzenketa. Brexit-aren akordioaren behin betiko berrespena hura aurrera eramateko beharrezkoa den legedia onartu arte atzeratzea proposatu du, eta horrek urritik haratagoko luzapen bat eskatzera behartzen du Johnson.

Bozketa bukatzean nabarmen haserre agertu da Johnson, eta esan du ez duela Europar Batasunarekin "atzeratze bat" negoziatuko, legeak ez duela "hori egitera behartzen", eta nabarmendu du beste luzapen bat "herrialdearentzat, EBrentzat eta demokraziarentzat txarra" dela. Horrela, 'brexit'aren akordioaren legediaren bozketa hurrengo asteartean izan liteke Komunen Ganbaran.

Ganbarako presidente John Bercowek onartutako zuzenketa polemikoak Erresuma Batuak EB akordiorik gabe uztea eragotzi nahi du. 'Brexit'aren legedia urriaren 31 baino lehen  onartzen ez bada, babes bat izatea da zuzenketaren helburua.

Ian Blackfordek, Eskoziako Alderdi Abertzalearen Komunen Ganbarako liderrak, Johnsoni ohartarazi dio atzerapen bat eskatu behar diola Europar Kontseiluari, ez badu Justiziaren aurrean igaro nahi.

Bestalde, Jo Swinson liberal demokratak esan du hautesleek 'brexit'aren inguruko "azken hitza" izatea merezi dutela, bigarren erreferendum batean.

Theresay Mayk Europar Batasunarekin itxitako azken hitzarmena hiru aldiz bota zuten atzera Komunen Ganbaran, eta Erresuma Batuak bi luzapen eskatu behar izan zituen. EB uzteko hasierako data martxoaren 29a zen, baina luzatu egin zuten, apirilera arte lehenago eta urriaren 31rako gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Theresa May Boris Johnson