Mundua -
Erresuma Batua
'Brexit'aren luzapena legez saihesteko plana prestatu du Johnsonek
Bien bitartean, hauteskundeak aurreratzeko beste mozio bat aurkeztuko du gaur gobernu britainiarrak. Joan den astean kale egin zuten Boris Johnsonen asmoek.
Agentziak | Erredakzioa
Kosta ahala kosta, brexit-aren data berriro atzeratzea saihestu nahi du Boris Johnson lehen ministro britainiarrak, baita legez saihestu ere. EBtik akordiorik gabe ateratzeko Parlamentuaren baimen zehatzik ezean, Johnson brexit-aren luzapen bat eskatzera behartuko lukeen legea onartu zuen ostiralean Erresuma Batuko Lorden Ganberak. Horrela, urtarrilaren 31ra arte atzeratuko litzateke irteera.
Johnsonen aholkulariek egitasmoa zehaztu zuten atzo egindako bilera batean, The Daily Telegraph egunkariak kaleratu duenez.
Horren arabera, Johnsonek gutuna bidali beharko luke 50. artikulua ezartzea eskatzeko, eta argi utzita Erresuma Batuko Gobernuak ez duela urriaren 31z harago luzatzerik nahi.
Erresuma Batua Europatik ateratzeko datari dagokionez, lehenengo lepotik du burua Johnsonek, eta akordiorik gabe ere, urriaren 31ko epemuga bete nahi du.
Sajid Javid Finantza ministroaren hitzetan, Johnson Europako Batzordeak Bruselan urriaren 17 eta 18an egingo duen bileran izango da, "akordioa lortzeko asmoz". "Argi dago ez duela luzapenik eskatuko", adierazi dio BBCri. Aurretik ere esana du Johnsonek luzapena eskatu baino nahiago duela "areka batean hil".
Hauteskundeak aurreratzeko beste saiakera bat
Erresuma Batuko Gobernuak beste mozio bat aurkeztuko du gaur Komunen Ganberan Boris Johnsonek nahi duen hauteskunde aurrerapena lortzeko. Bozak urriaren 15ean, brexit-a gauzatu baino lehen, egin nahiko lituzke lehen ministro britainiarrak.
Bigarrenez egingo dute saiakera, joan den asteko bozketan ez baitzuten nahikoa babes lortu.
Alderdi Laboristak eta Alderdi Demokrata Liberalak argi utzi dute ez dutela hauteskundeak aurreratzeko inongo proposamenik onartuko, baldin eta akordiorik gabeko brexit-a gauzatuko ez den bermerik ez badute. Oposizioak gaur bukatu nahiko luke akordiorik gabeko dibortzio bat eragozteko legearen tramitazioa. Ildo horretan, Rees-Mogg Komunen Ganberako presidenteak argitu du izapideak amaitu arte ez duela Parlamentuko jarduna etengo. Johnsonek eskatuta, irailaren 10etik aurrera itxita egongo da Parlamentua.
Hauteskundeak aurreratu ahal izateko, Ganberaren bi herenak babestu beharko du proposamena. Asteazkeneko bozketan, ordea, muga horretatik urrun geratu zen Gobernua: 434 diputatuetatik 298k egin zuten horren alde.
Hauteskundeak aurreratzeko beste bide batzuk ere baditu Johnsonek. BBCk gogorarazi duenez, hori egiteko legea egin lezake lehen ministroak, eta gehiengo sinplearen babesa beharko luke orduan aurrera ateratzeko.