Mundua -
Urriak 14
Johnsonek bozak aurreratuko ditu ez badiote akordiorik gabeko 'brexit'a egiten uzten
Komunen Ganbera astearte honetan jarriko da martxan berriro, eta baliteke diputatuek lege bat onartzea Gobernua 'brexit' prozesua luzatzera behartzeko.
agentziak | erredakzioa
Boris Johnson lehen ministro britainiarrak hauteskundeak urriaren 14ra aurreratzea proposatuko du Parlamentuak akordiorik gabeko ‘brexit’a galarazteko legea onartzen badu, Reutersek gobernuko iturriak aipatuta jakitera eman duenez.
"Diputatuek oso aukeraketa erraza izango dute. Boris Johnsoni negoziatzearen aldeko botoa emanez gero, onena izango litzateke Erresuma Batuak akordioa lor dezan", azaldu du Gobernuko "goi-kargudun" batek.
"Baina bihar negoziazio prozesua etetearen alde egiten badute, Erresuma Batuari negoziaziorako gaitasun nahikoa kentzen badiote, gero etorriko dena asumitu beharko dute", gaineratu du.
Hauteskundeak aurreratzeko, ganberako 650 diputatuen bi herenen babesa behar du Johnsonek; hau da, kontserbadoreez gain Alderdi Laboristaren babesa ere beharko luke, eta azken horren buruak, Jeremy Corbynek, esana du ados egongo litzatekeela aukera horrekin.
Ez du 'brexit'a atzeratzea eskatuko
Downing Streeteko 10.etik emandako hitzaldi batean, lehen ministro britainiarrak esan du "inola ere ez" diola Bruselari Europar Batasunetik ateratzeko prozesua atzeratzea eskatuko (urriaren 31 da epemuga).
Gobernuburuak azpimarratu du ez duela hauteskundeak aurreratzeko asmorik, baina ohartarazi du Parlamentuak akordiorik gabeko 'brexit'a blokeatzeko legea onartzen badu, "ezinezkoa" izango dela Bruselarekin negoziatzea.
Komunen Ganbera bihar jarriko da berriro martxan, eta litekeena da diputatu batzuk 'brexit'a 2020ko urtarrilaren 31ra atzeratzeko lege bat sustatzen saiatzea.
Diputatu kontserbadoreetako batzuk mehatxu egin dute ez dutela alderdiaren diziplina errespetatuko, eta oposizioarekin bozkatuko dutela aipatu legea.
"Espero dut ez dutela egingo. Baina, egiten badute, Erresuma Batuaren jokabidearen oinarria moztuko lukete, eta ezinezkoa egingo lukete negoziazioa", adierazi du Johnsonek bere erresidentzia ofizialetik.
"Bruselako lagunei bat eginda gaudela erakusteko, diputatuek bat egin beharko lukete Gobernuarekin", adierazi du Johnsonek.