Mundua -

'Brexit'a

Milaka pertsona atera dira kalera Erresuma Batuan Johnsonen 'kolpea'ren aurka

John McDonell laboristen Ekonomia bozeramaile eta Jeremy Corbyn buruzagiaren ondokoak "demokrazia babesteko borrokatzeko" deia egin du.

Johnsonen aurkako protesta Londresen. Argazkia: Efe
Johnsonen aurkako protesta Londresen. Argazkia: Efe
Boris Johnsonen kontrako protestek jendez bete dituzte Erresuma Batuko hiriburuak

1:06

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka manifestari kalera atera dira gaur Erresuma Batuko hainbat hiritan "Stop the Coup" ("Geratu kolpea") lelopean, Boris Johnson lehen ministro britainiarrak Parlamentua bost astez ixteko eman duen aginduaren aurka.

"Beste Europa bat posible da" presio taldeak 32 protesta ekitaldi deitu zituen, eta Momentumek, Alderdi Laboristako ezkerreko sektoreko erakundeak, "zubiak eta errepideak blokeatzeko eta okupatzeko" deia egin zuen.

Elkarretaratze jendetsuenetako bat Downing Street inguruan egin dute, lehen ministroaren etxe ofizialaren inguruan.

Londres erdigunean elkartutakoen aurrean, John McDonnellek laboristen Ekonomia bozeramaile eta Jeremy Corbyn buruzagiaren ondokoak "demokrazia babesteko borrokatzeko" deia egin du.

Johnsonek "gure demokrazia itxi eta akordiorik gabeko 'brexit'a behartu nahi du", adierazi du McDonnellek. Horren aurrean, diputatuek "herrialdearen etorkizunaz eta politikez iritzia emateko" denbora behar dutela azpimarratu du.

Oposizioak uste du Johnsonek eragotzi egin nahi diela diputatuei akordiorik gabeko 'brexit'ari oztopoak jartzea urriaren 31ren aurretik, hori baita Bruselak irteerarako ituna berresteko jarri zuen epemuga.

Londresen ez ezik, manifestariak Manchesterren, Oxforden, Glasgown, Birminghamen, Brightonen, Seansean, Bristolen eta Liverpoolen ere atera dira kalera Johnsonen asmoei aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Europa bideoak Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Londres Boris Johnson lehen ministro ohia