Mundua -
MIGRAZIOA
Salvinik Italian sartzea debekatu dio 101 migratzaile daramatzan erreskate ontzi bati
Eleonore itsasontzi alemaniarrak 101 migratzaile inguru erreskatatu zituen astelehenean Libiako kosta parean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Matteo Salvini Italiako Barne ministroak Italiako uretan sartzea debekatu dio astelehenean Libiako kosta parean 101 migratzaile erreskatatu zituen Eleonore itsasontzi alemaniarrari. Salvinik azpimarratu duenez, debekua urratuz gero milioi bat euroko isunari aurre egin diezaioke.
Salvinik berak bultzatutako lege baten baitan, betoa jarri dio Eleonore ontziari eta, ondorioz, ezingo du ez Italian sartu, ez Italiako uretatik igaro eta ezta bertan hornidurarik jaso ere. Italiako Gobernuaren arabera, gobernuz kanpoko erakundeak aurrea hartu zieten erreskate lanak egitekotan ziren Libiako kostazainei.
Claus-Peter Reisch Eleonore ontziko kapitain eta ontziak astelehenean ziurtatu zuenez, erreskatea "azken segunduan" gertatu zen, ontzia (ontzi puzgarria) hondoratzen ari zela. Maltak Reisch epaitu zuen, hain zuzen ere, Lifeline itsasontziarekin egindako erreskate operazio bat tarteko. Gaur gaurkoz, ontziak atxikita jarraitzen du.
"Portu seguru baten zain gaude", adierazi zuen Reischek atzo zabaldutako ohar batean. "Alemaniako gobernu federalari eskatu diot bere gain hartzeko eta pertsonak laster porturatzea espero dut", gaineratu zuen.
Reischek gaineratu zuenez, Maltak baimena ukatu dio halaber Eleonore ontziari ura eta elikagaiak eramateko asmoa zuen itsasontzi bati. Horrez gain, bertako agintariak ontziko arduradunekin harremanetan jarri dira Maltako uretan sartzeko baimenik ez dutela gogoratzeko.