Mundua -
Estatu Batuak
Trumpek bortxatu egin zuela salatu du kazetari estatubatuar batek
Gertakariak 1995ean jazo ziren, New Yorkeko saltoki gune handi bateko probagela batean. Biktima AEBko kazetari ezagun bat da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak 1995ean, New Yorken, bortxatu egin zuela salatu du Elizabeth Jean Carroll kazetariak.
Datorren astean argitaratuko den liburu batean ematen du gertakariaren berri, baina gaur New York aldizkariak aurrerapena publikatu du.
Elle aldizkarian idazteagatik da ezaguna Carroll. Kontatu duenez, Manhattango saltoki gune handi batean egin zuen topo Trumpekin, eta hizketan hasi zitzaion: "Hara! Zu zara aholkuak ematen dituen kazetaria!". Eta berak erantzun zion: "Eta zu zara higiezinen sektoreko enpresari handia!".
Hizketaldi arin baten ostean, Trumpek opari bat erosteko laguntza eskatu zion, emakumeak onartu egin zuen, eta biak dendan barrena abiatu ziren, poltsak, barruko arropak edo kapelak begiratzen.
Lentzeriako gunera iritsi zirenean, Trumpek pieza batzuk proba zitzala eskatu zion eta honek, txantxetan, berak jantzi zitzala erantzun zion.
Biak probagela batean sartu ziren, "eta ateak ixtean, gainera etorri zitzaidan, hormaren kontra bultza eginez eta buruan gogor kolpatuz, bere ahoa nire ezpainetan jarri zuen", azaldu du.
Emakumea, shock egoeran, barrezka hasi zen, baina gainetik kentzeko bultza egin zion. Trumpek orduan berriro jarri zuen, indarrez, hormaren kontra eta galtzak jaitsi zizkion.
"Segidan, negozio gizonen trajea jantzita zeukala, prakako kremailera jaitsi zuen, bere atzamarrak nire zona intimoan sartu zituen eta bere zakila barruan sartu zidan", kontatu du kazetariak. Hiru bat minutu geroago, Trump gainetik kentzea lortu zuen.
Bestalde, eta aurrerantzean egingo dizkioten galderei aurrea hartuta, Carrollek adierazi zuen ez zuela salaketarik jarri Poliziaren aurrean eta gertatutakoa bere bi lagun mini kontatu ziela. Argazkirik edo frogarik ez duela onartu du, baina saltokiko segurtasun kamerek grabatutako irudietan biak batera agertzen direla ziurtatu du.
Orain arte beldurragatik eta gehiago ez sufritzeko salatu ez zuela erantsi du. "Heriotza-mehatxuak jasatea, etxetik alde egin behar izatea eta lana galtzea saihestu nahi nuen", esan du.