Mundua -

Erresuma Batua

Bigarren independentzia erreferendum bat egiteko lege-proiektua aurkeztu du Eskoziak

Nicola Sturgeon lehen ministroaren asmoa prozesua Erresuma Batuko Gobernuarekin adostea da, 2014an egin zuten bezala.

Erresuma Batuko eta Eskoziako banderak. Artxiboko irudia: EFE.
Erresuma Batuko eta Eskoziako banderak.
Erresuma Batuko eta Eskoziako banderak. Artxiboko irudia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskoziako Gobernuak bigarren independentzia erreferendum bat egiteko lege-proiektua aurkeztu du Parlamentuan. Izapide horrek Erresuma Batuko Exekutiboarekin hitzarmen bat adostea behar du, baina horrek galdeketa adosteari uko egiten dio.

Testu legala aurkeztu ostean, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak esan du "orain inoiz baino gehiago" Eskoziak "aukerak irekita" mantentzea "ezinbestekoa" da, herritarrek "etorkizun hobe bat hautatzeko aukera izateko".

"Legealdi honetan independentzia erreferendum bat egiteak Europako nazio independente bat izatea hautatzeko aukera emango dio Eskoziari, inposatutako brexit bateko etorkizuna izan beharrean", esan du.

Aurkeztutako Erreferendum Legeak ez du galdeketa egiteko datarik edo galderarik zehazten, Gobernuaren asmoa prozesu osoa Erresuma Batuko Exekutiboarekin adostea baita. Beraz, legeak kontu horiek "bigarren mailako legeetan" onartzea aurreikusten du.

"Akordio bat bilatuko dugu dagokionean eskumenen transferentzia egiteko, edozein arazo legalik izango ez duen independentzia erreferendum bat egin ahal izateko, Parlamentu honetan tramitatu ahal izateko", esan du Sturgeonek.

Plebiszituak Londresen oniritzia izatearen borondatea errepikatu du Eskoziako lehen ministroak. 2014ko prozesua errepikatzea nahi du. Erreferendum horretan, % 55k independentziaren aurka bozkatu zuen.

Modu honetako galdeketa lotesle bat egin dadin, beharrezkoa da Gobernu britainiarrak 30 sekzioko agindua aktibatzea. Horren bitartez, Eskoziako Parlamentuak hartuko lituzke erreferendumak antolatzeko eskumenak.

Theresa Mayren gobernuak blokeoa mantentzea "haserre demokratikotzat" eta "erabat defendaezintzat" du Sturgeonek.

Eskoziako Alderdi Nazionalistaren (SNP) buruaren asmoa lege-proiektuak Parlamentuko izapide guztiak 2019 amaieran betetzen bukatzea da, galdeketa egiteko "momentu egokia" hurrengo urteko bukaera dela uste duelako, 2021ko Eskoziako hauteskundeak baino hilabete batzuk lehenago.

SNPk gutxiengoan gobernatzen du, baina independentziaren alde dauden Berdeen babesa dauka.

Harreman Konstituzionaletako ministro Michael Russellek Parlamentuan esan duenez, brexitari buruzko bigarren erreferendum bat lortzeko lanean jarraituko du SNPk. Hala ere, "aurrera egiteko modu onena Europako nazio independente bat" bilakatzea dela azpimarratu du.

Gainera, bere gobernuak hurrengo hilabetean alderdi guztiekin adostasunak bilatzeko elkarrizketa erronda bat hasiko duela aurreratu du.

Oposizioko lehenengoa den Alderdi Kontserbadorearentzat, herritarrek orain dela bost urte eman zuten iritzia, independentziaren kontra eginda, eta SNPri aurpegiratu dio galdeketa berri bat lortzeko "obsesioarekin" jarraitzea, ekonomia eta zerbitzu publikoen kudeaketa lehenetsi beharrean.

M26ko Europako hauteskundeetan, SPNk botoen % 37 lortu zuen, bere historiako emaitzarik onena. Herrialde osoaren 6 europarlamentarietatik 3 eskuratu zituen. Erresuma Batuan, guztira, 73 dira.

Sturgeonentzat, garaipen hori Europako Batasuna uztearen kontrako mezu "sutsuagatik" izan da. Herritarrek 12 urtez gobernuan dagoen bere alderdiaren kudeaketa babestu dutela esan du.

Litekeena da hurrengo asteetan kontserbadoreen hurrengo buruzagi eta Erresuma Batuko lehen ministro izango denak Mayren jarrera bera izatea, eta gaiari ekiteari uko egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eskozia Eskoziako independentzia erreferenduma Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Theresa May