Mundua -

WIKILEAKS

Julian Assange atxilotu dute Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan

Westminsterreko Magistratuen Auzitegiak 2012ko ekainean emandako agindua betez atxilotu dute, eta oraingoz Londres erdiguneko polizia-etxe batean dago Wikileaksen sortzailea.

Julian Assange, Wikileakseko sortzailea, atxilotuta eraman dutenean. Argazkia: EFE.
Julian Assange, Wikileakseko sortzailea, atxilotuta eraman dutenean.
Julian Assange, Wikileakseko sortzailea, atxilotuta eraman dutenean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Assange, Wikileaksen sortzailea, atxilotu dute ostegun honetan, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan, Scotland Yardek ohar baten bidez jakitera eman duenez. Iturri horren esanetan, Ekuadorrek asiloa ukatu dio.

Westminsterreko Magistratuen Auzitegiak 2012ko ekainean emandako agindua betez atxilotu dute Assange, eta oraingoz, Londres erdiguneko polizia-etxe batean dago. Wikileaksen sortzaileak "lehenbailehen" deklaratu beharko du, Londresko Poliziak zehaztu duenaren arabera.

"Ekuadorreko enbaxadan sartu zenetik ia zazpi urte igaro direnean, Assange Poliziaren esku dagoela baiezta dezaket, eta, beraz, Erresuma Batuko justiziak epaitu beharko du", esan du Sajid Javid Britainia Handiko Barne ministroak. "Ekuadorri eskerrak eman nahi dizkiot emandako laguntzagatik, eta Londreseko Poliziari erakutsitako profesionaltasunagatik", gaineratu du. "Inor ez dago legearen gainetik", adierazi du Twitterren.

Scotland Yardek aurreratu du agenteek "agindua betetzeko eginbeharra" zutela. "Enbaxadoreak gonbidatuta sartu dira enbaxadara, Ekuadorreko Gobernuak asiloa ukatu ostean", esan dute.

Lenin Moreno Ekuadorreko presidenteak, bestalde, zera adierazi du Twitterren: "Ekuadorreko Estatuari dagokio asiloa ematea edo ukatzea".

Nolanahi dela, "Assangeren jarrera lotsagabe eta oldarkorra eta haren erakundeak egindako adierazpen adeigabe eta mehatxatzaileak bultzatuta, ezinezkoa da Julian Assangeri asiloa ematea", azaldu du.

"Hortaz, Ekuadorrek bukatutzat eman du 2012an Assangeri eskainitako asiloa", iragarri du Ekuadorreko presidenteak.

Wikileaksen izenean ere mintzatu dira atxiloketaz: "Ekuadorrek modu ilegalean eman du amaitutzat Assangeren asilo politikoa. Ez du enbaxadatik irteteko aukerarik izan, Polizia britainiarra izan da handik atera duena".

Estatu Batuen akusazioa

Estatu Batuetako Justizia sailak esan duenez, Assangeri Chelsea Manning analista militarrarekin batera Gobernuaren ordenagailu batean legez kanpo sartzea egozten diote, eta bost urte arteko kartzela zigorra eskatzen dute berarentzat.

"Estatu Batuen historiako informazio klasifikatuaren filtrazio handienetariko batean izandako ustezko erantzukizunarekin lotuta dago kargua", esan du Justizia sailak.

2010ean, dozenaka milaka dokumentu sailkatu argitaratu zuen Wikileaksek, Irak eta Afganistango gerrei buruzko informazio garrantzitsuarekin, eta baita kablegrama diplomatiko asko ere.

Manningek filtratu zuen informazioa, eta 35 urteko espetxe zigorra ezarri zion auzitegi militar batek. Zenbait suizidio saiakeraren eta "Estatu Batuei kalte egiteagatik" barkamena eskatu ostean, Barack Obama presidenteak zigorra kommutatu zion, eta askatasuna berreskuratu zuen 2017an.

Hala ere, aurtengo martxoaren 8an, Manning berriz atxilotu zuten, Virginiako Ekialde Distrituko Auzitegiaren epaimahaiaren galderak erantzuteari uko egiteagatik. Zekien guztia bere kontrako epaiketan esana zuela esan zuen Manningek.

"Manningi Sare Sekretuarekin (SIPRNet) –AEBko Gobernuak dokumentuak eta komunikazioak sailkatzeko erabiltzen du– lotutako Defentsa sailaren ordenagailuetako pasahitza hackeatzen laguntzeko konspirazio batean nahasita zegoen Assange", esan du Estatu Batuetako Fiskaltzak.

AEBko Administrazioak bien arteko elkarrizketen zati bat eman du jakitera. Manningek Assangeri esan omen zion "deskarga horren ostean" ez zela gehiago egongo, eta Assangek erantzun omen zion: "Nire eskarmentuagatik esaten dizut jakingura duten begiak ez direla inoiz lehertzen".

Justizia sailak aurreratu duenez, Wikileaksen sortzaileari bost urte arteko kartzela zigorra ezarri liezaiokete, baina aldi berean, "delitu federalen kontrako gaur egungo epaien gehieneko zigorra baino urte gutxiago" direla argitu du.

Erresuma Batuan zigortua

Assange bere behin behineko askatasuna urratzeagatik zigortu du epaile britainiar batek. Aktibistak, epaia dagoenean, hamabi hilabete arteko zigorra jasoko du, Erresuma Batuan.

Wikileaksen sortzaileak zaintzapean jarraituko du, eta oraindik zehazteke dagoen data batean jasoko du behin betiko epaia, Erresuma Batuan egindako delituagatik, Londresko Southwark auzitegian.

2012ko ekainean, Assange Erresuma Batuko justiziaren aurrean azaltzeko beharra zuen, Suediak leporatu zizkion ustezko sexu delituengatik erantzuteko.

Bista horretara joan beharrean, australiarrak Ekuadorko enbaxadan babestu zen, Londresen. Gaur arte eman dio asiloa.

Suediak bere kontrako estradizio eskaera erretiratu zuen arren, behar zuenean ez azaltzeagatik irekitako prozesua irekita mantentzen du Erresuma Batuak.

Suedian, auzia ireki lezakete

Julian Assange bortxaketagatik salatu zuen emakumeak auzia berriz ireki dezala eskatu dio Suediako Fiskaltzari. "Auzi-jartzaileak atariko ikerketari berriro ekitea eskatu du", esan du Fiskaltzak adierazpen batean.

Goteborgeko Ministerio Publikoak erabakiko du "nola jokatu". "Beraz, atariko ikerketa ez da berriz hasi, eta ez dakigu berriz hasiko den", argitu du Eva-Marie Persson fiskalak.

Suediako agintari judizialek lehenago adierazi dutenez, auzia 2017an artxibatu bazuten ere, berriz ireki daiteke, 2020ra arte ez delako preskribatzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Londres albisteak gaur