Mundua -
PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK
Parlamenturako hauteskundeak dituzte Israelen, Netanyahu eta Gantz faborito direla
Inkestek bigarren postua aurreikusten diote Netanyahuren Likud alderdiari, baina eskuineko gainerako alderdien babesak agintean jarraitzea bermatu diezaioke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hauteskunde eguna dute gaur Israelen. 6,3 milioi herritar daude botoa ematera deituta, Parlamenturako ordezkariak aukeratzeko. 07:00etan (06:00ak Euskal Herrian) zabaldu dituzte hauteslekuak eta 22:00ak arte (21:00ak Euskal Herrian) egongo dira zabalik. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren Likud alderdia eta Benny Gantzek eta Yair Lapidek gidatutako zentro-ezkerreko koalizioa dira faborito nagusiak.
Israelgo parlamentua (Knesset) 120 kidek osatzen dute, eta orain arte inoiz ez du inork gehiengo absolutua lortu. Beraz, joerak jarraitzen badu, alderdiek aliantzak egin beharko dituzte.
Inkesten arabera, bi alderdi faboritoek eserleku kopuru antzekoa eskuratuko dute. Dena dela, oso litekeena da eskuineko gainerako alderdiek Netanyahuri babesa ematea.
Netanyahuk egungo lehen ministroak bosgarren agintaldi bat egin nahi du. Bere helburua lortuz gero, Israelgo aginteak urte gehien egin dituen agintaria bihurtuko da.
Kanpainako lehen egunetan ustelkeria kasu batek zipriztindu zuen. Izan ere, Avichai Mandelblit fiskal nagusiak Benjamin Netanyahu ustelkeriagatik inputatzeko asmoa duela iragarri zuen. Lehendabiziko egunetako beherakadaren ondoren, Netanyahuren ospeak gora egin du azken asteetan. Lehen ministroak akusazio guztiak baztertu ditu eta "sorgin ehiza" salatu du.
Benny Gantz Armadaren Estatu Nagusiko buru izan zen eta herrialdean errespetu handia duen militarra da. 2015ean egin zuen jauzi politikara Netanyahu agintetik kentzeko asmoarekin. Orain, Yair Lapidekin egindako aliantzaren ondotik, zentro-ezkerreko koalizioak gora egin du inkestetan.
Gantzek eta Lapidek lorturiko akordioaren arabera, Gantz izango litzateke lehen ministro lehen bi urte eta erdian eta Lapid, ostera, beste urtebete eta erdian.