Mundua -
ERRESUMA BATUA
Erresuma Batuko Parlamentuak 'brexit'aren gaineko kontrola bereganatuko du gaur
Theresa Mayk aurkeztutako akordioak nahikoa babes ez duela ikusita, Komunen Ganberak Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteko beste aukerak bozkatuko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Komunen Ganberak brexitaren gaineko kontrola bereganatuko du gaur, Erresuma Batuko Gobernuari kenduz. Theresa May lehen ministroak aurkeztutako akordioak babes nahikorik ez duela ikusita, gaurko saioan Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteko beste aukerak bozkatuko dituzte parlamentariek. Bozketak ez dira lotesleak, baina Theresa May lehen ministroaren estrategia baldintza dezakete.
Astelehenenean, Letwin zuzenketa onartu zuen Komunen Ganberak eta horrek bidea zabaldu die parlamentariei brexiterako beste aukera batzuk bozkatzeko. Komunen Ganberak birritan bota du atzera Theresa Mayk Europar Batasunarekin lorturiko akordioa: urtarrilaren 15ean eta martxoaren 12an.
Parlamentuak Letwin zuzenketa onartzea kolpe gogorra izan da Theresa May lehen ministroarentzat, gobernuburu gisa duen agintea ahultzea eragin duelako.
Zer da Letwin zuzenketa?
Diputatuei gai bati buruzko aukera ezberdinak bozkatzeko aukera ematen die, kasu honetan brexitari buruz, besteak beste, Komunen Ganberaren babesa duten aukerak zein diren ikusteko.
Nork proposatu du?
Oliver Letwin eta Dominic Grieve diputatu kontserbadoreek eta Hilary Benn diputatu laboristak aurkeztu dute.
Noren babesa izan du?
329 diputatuk zuzenketa babestu dute; 302k, ostera, kontrako botoa eman dute. Hiru Estatu idazkarik dimisioa eman dute -Richard Harrington (Enpresa), Alistair Burt (Atzerri Gaiak) eta Steve Brine (Osasuna)- zuzenketaren alde eta, beraz, Gobernuaren kontra bozkatu ahal izateko.
Zer bozkatuko dute diputatuek asteazkenean?
Oraindik ez dute zehaztu zein aukera bozkatuko dituzten, baina segur aski aukera hauek bertan izango dira: akordiorik gabeko brexita, merkataritza askerako akordioa, aduana batasunerako laboristen lana, Lisboako Ituneko 50. artikulua bertan behera uztea edota brexitari buruzko bigarren erreferenduma.
Zergatik ez dute diputatuek orain arte bozkatu aukera horien inguruan?
Diputatuek zuzenketak bozkatu izan dituzte, baina beti Gobernuak aurkeztutako mozioen ingurukoan izan dira. Oraingoan, diputatuek eurek aurkeztuko dituzte bozketarako aukerak.
Zenbat denbora iraungo du bozketak?
Oraindik ez dago argi. Hala eta guztiz ere, Oliver Letwin diputatuak azaldu duenez, litekeena da bozketa guztiak egiteko egunak behar izatea. Asteazken arratsaldean (bertan 14:00ak direnean) hasiko da.
Zein da Gobernuaren jarrera?
Gobernuaren esanetan, aurrekari "arriskutsua" eta "aurreikusi ezina" ezartzen du. Azaldu duenez, oso litekeena da diputatuek bozkatutako aukera bakar bat ere ezin gauzatu izatea.
Zenbat denbora du (Erresuma Batuak) krisia konpontzeko?
Erresuma Batuak apirilaren 12ra arteko epea du Europar Batasunetik (EB) irteteko plan alternatiboa Bruselan aurkezteko. Theresa Mayk eta Erresuma Batuak lorturiko akordioak Komunen Ganberaren babesa lortuko balu, ostera, epea maiatzaren 22ra artekoa litzateke.
Bestalde, Erresuma Batuak brexiterako plan alternatiborik aurkeztuko ez balu, orduan apirilaren 12an irtengo litzateke EBtik, akordiorik gabe.