Mundua -

Erresuma Batua

'Brexit'aren plan alternatiboak aztertzeko bozketa behartu du Komunen Ganberak

'Brexit'aren gaineko kontrol parlamentarioa areagotzeko klausula onartu du Komunen Ganberak. Hala ere, asteazkeneko bozketa Gobernuarentzat ez da loteslea izango.

Theresa May Parlamentu britainiarrean. Artxiboko argazkia: EFE
Theresa May Parlamentu britainiarrean.
Theresa May Parlamentu britainiarrean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Theresa May lehen ministro kontserbadoreak defendatzen duen brexit akordioaz haratago, egitasmo alternatiboak aztertzeko bozketa behartu du gaur Erresuma Batuko Parlamentuak. Diputatuek beste aukerak asteazkenean hausnartuko dituzte.

329 diputatuk zuzenketa babestu dute; 302k, ostera, kontrako botoa eman dute. Horrela, brexit-aren gaineko kontrol parlamentarioa areagotzeko klausula onartu du Komunen Ganberak. Hala ere, asteazkeneko bozketa Gobernuarentzat ez da loteslea izango.

Egitasmo alternatiboen zerrenda oraindik ez dute itxi, baina EBtik akordiorik gabe ateratzea, bigarren erreferendum bat, merkatu bakarrarekin harreman estuago bat negoziatzea edo haustura bertan behera uztea aukeren artean egotea litekeena da.

Mayk ez du ziurtatuta Parlamentuaren babesa eta, ondorioz, oraingoz ez du deituko Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko Bruselarekin egin zuen akordioa hirugarren aldiz bozkatzeko saioa.

Komunen Ganberak bi aldiz bota du atzera itun hori, urtarrilaren 15ean eta martxoaren 12an. Testuinguru horretan, Gobernu britainiarrak brexit-a atzeratzea eskatu zuen eta Europar Batasunak bi data ezarri dizkio: apirilaren 12a eta maiatzaren 22a.

Parlamentu britainiarren babesa lortuz gero, brexit-a maiatzaren 22an gauzatuko da; adostasunik ez badago, Gobernu britainiarrak plan alternatiboa bat aurkeztu beharko du apirilaren 12rako, Europar Batasunetik akordiorik gabe ateratzea saihesteko.

Halaber, Europar Batasunak onartutako atzeratze hori indarrean sartzeko legedian egindako aldaketa bozkatu behar dute Parlamentu britainiarrean, eta taldeek atzera bota arren, Erresuma Batua ez da Europar Batasunetik martxoaren 29an aterako, kasu honetan EBko araudia gailenduko litzatekeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Theresa May