Mundua -
Hagako Auzitegia
Radovan Karadzic buruzagi serbo-bosniar ohiari biziarteko kartzela ezarri diote
Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak 40 urteko espetxe-zigorra ezarri zion, baina Fiskaltzak eta Karadzicen abokatuek helegitea aurkeztu zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Nazioarteko Zigor Auzitegientzako Mekanismoak (ingelesez MICT) Radovan Karadzic buruzagi serbo-bosniar ohiaren zigorra areagotu du gaur. Horrela, biziarteko kartzela ezarri dio Bosniako Gerran (1992-1995) egindako krimenengatik.
Vagn Prusse Joensen MICTeko apelazio auzitegiko epaile presidenteak azaldu duenez, lehen auzialdiko epaiak (40 urteko kartzela-zigorra) “ez zuen Karadzicen erantzukizun larria egoki islatu krimenetan”.
Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak 40 urteko espetxe-zigorra ezarri zion, baina Fiskaltzak eta Karadzicen abokatuek lehen auzialdiko sententziari helegitea aurkeztu zioten.
Srpska Errepublikako presidente ohiak prozesu guztia errepikatzea eskatu zuen, ustezko “Zuzenbide hanka-sartzeak” argudiatuta, baina MICTeko epaileek argudio guztiak errefusatu dituzte.
Srebenicako genozidioa, gizateriaren aurkako bost krimen (jazarpena, sarraskia, hilketa, deportazioa eta ankerkeria) eta gerrako lau krimen (hilketa, terrorismoa, zibilen aurkako legez kanpoko erasoak eta bahiketa) baieztatu dituzte magistratuek.
Sententziaren arabera, Fiskaltza Bosnia-Herzegovinako herri batzuetan egindako hilketengatik beste genozidio kargu bat frogatzeko gai ez da izan, baina lehen auzialdiko epaiak ezarritako 40 urteko zigorra “zentzuzkoa ez” dela uste du, krimen larriak direlako.
Erabakia pozik hartu dute biktimen senideek. Epaia irakurri baino ordu batzuk lehenago hildakoen argazkiak jarri dituzte auzitegiaren aurrean. Karadzicek, aldiz, ez du zirkinik ere egin.