Mundua -
ERRESUMA BATUA
Diputatu britainiarrek hainbat zuzenketa eztabaidatuko dituzte 'brexit'aren harira
Egunean zehar eztabaidatu eta 20:00etatik aurrera bozkatuko dituzten zuzenketa-mozioak ez dira lotesleak izango, "brexit"aren inguruan adostasuna lortu nahi dutelako gaurkoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bruselarekin negoziatutako brexitaren inguruko akordioa ukatua izan ostean, diputatu britainiarrek hainbat zuzenketa eztabaidatu eta bozkatuko dituzte astearte honetan, Theresa Mayren Gobernuak aurkeztutako mozio baten harira.
Hori horrela, Komunen Ganberak 20:00etatik aurrera bozkatuko dute Theresa Mayren Gobernuak aurkeztutako "mozio neutro" bat, zein alderdi ezberdinek aurkeztutako brexitaren inguruko beste hainbat zuzenketa. Gaurko eztabaidaren helburua brexitaren krisiari blokeoa kendu eta Parlamentuko gehiengoaren iritzia ezagutzea izango da, parlamentarien jarrerak erabat polarizatuak baitaude.
John Bercow Komunen Ganberako presidenteak aukeratuko ditu eztabaidatu eta bozkatuko dituzten zuzenketak; hala ere, horiek ez dira lotesleak izango, brexitaren inguruan adostasuna lortu nahi dutelako gaurkoan.
Theresa Mayk Europar Batasunarekin negoziatutako itunaren aurka agertu zen, urtarrilaren 15ean, diputatu britainiarren gehiengoa.
Gaurko zuzenketen artean, Graham Brady diputatu "torien" presidenteak aurkeztutakoa dago: Irlandako klausula bertan behera uztea eta Irlanda bien arteko muga fisikoa saihesteko "ordezko konponketa" bat aurkeztea.
Bestalde, Europar Batasunaren aldeko diputatuek lagundutako zuzenketak ere izango dira; alde batetik, martxoaren 29an EBtik akordiorik gabe ateratzeko aukera saihesteko, eta bestetik, bigarren erreferendum bat bultzatzeko.
Mayk otsailaren amaierarako akordiorik lortu ezean, brexitaren lege-proiektua hilabete batzuk atzeratzea proposatzen du Yvette Cooper laboristak.
Caroline Spelman kontserbaroreak, berriz, alde bien arteko akordiorik adostu barik EBtik ez ateratzea proposatzen du, baina Theresa May horren kontra dago.
Bestalde, Laborismoaren zuzenketa ofizialak akordiorik gabe EBtik ateratzea saihesteko aukera guztiak eztabaidatzea proposatzen du; esaterako, EBrekin aduanako mugen batasuna sortzea edo bigarren plebiszitu bat proposatzen dute.
Theresa Mayk bilera egin du goizean bere Gobernuarekin; ondoren, 12:30 aldera, Bercowek arratsaldean eztabaidatuak izango diren zuzenketen berri emango du.
Stephen Barclay brexiterako ministroak 13:30ean hasiera emango dio eztabaidari, eta 19:30ean Mayk amaiera emango dio. Jarraian zenbait orduz luza daitezkeen botazioak hasiko dira.
Botazioak amaituta, Mayk adierazpen ofiziala egingo die diputatuei.
Erresuma Batuko hedabideen arabera, baliteke Mayk brexitaren akordio berri baten inguruko eztabaida otsailaren 13rako proposatzea edo, akordio eta aurrerapauso berririk egon ezean, egun horretan bertan Gobernuaren bide-orri berria aurkeztea.