Mundua -
Erresuma Batua
Bigarren erreferenduma baztertuta, Mayk berriro negoziatu nahi du Bruselarekin
Theresa Mayk bere asmoen berri eman du astelehen honetan egin duen agerraldian. Hilaren 29an eztabaidatu eta bozkatuko dute Gobernu britainiarraren plana Komunen Ganberan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Theresa May lehen ministro britainiarrak baztertu egin du 'brexit'ari buruzko beste erreferendum bat deitzea, eta Bruselarekin berriro negoziatu nahi duela esan du, Ipar Irlandako mugari buruzko akordio polemikoa moldatzeko.
Joan den astean, Komunen Ganberak atzera bota zuen 'brexit'a gauzatzeko Mayk Europar Batasunarekin egin zuen ituna, eta hiru eguneko epea eman zion beste plan bat aurkezteko. Epea amaituta, gaur agerraldia egin du Mayk Parlamentu britainiarrean.
"Datozen egunetan talde parlamentarioekin hitz egiten jarraituko dut, baita DUP alderdiarekin ere, Irlandako eta Ipar Irlandako herritarrekiko ditugun ardurak betetzeko eta Ganberan ahalik eta akordio zabalena lortzeko", adierazi du.
"Gero, elkarrizketa horien ondorioak Europar Batasunera eramango ditut", erantsi du.
Aurrerantzean jarraituko duen bideari dagokionez, Mayk berretsi egin du ez duela beste erreferendumik deituko, "gizartearen batasuna" kaltetuko lukeela iritzita. "Uste dut bigarren erreferenduma deituta aurrekari arriskutsu bat ezarriko genukeela, herri honek plebiszituak kudeatzeko duen moduan zalantzan jarri daitekeelako", azaldu du.
Halaber, beste galdeketa bat antolatzeko Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko epea –martxoak 29- atzeratu egin beharko litzakeela esan du. Ildo horretan, Bruselak atzerapenik onartuko ez duela ohartarazi du, Parlamentu britainiarrak egungo akordioa onartuko duenaren bermearekin ez bada behintzat.
Gauzak horrela, datorren urtarrilaren 29an osoko bilkura egingo dute Komunen Ganberan Mayren Gobernuak aurkeztuko duen proposamen berria eztabaidatu eta bozkatzeko.
Talde parlamentarioek zuzenketak egin ahal izango dituzte eta, ondorioz, Gobernu britainiarraren ibilbide-orria aldatzeko eta 'brexit'aren nolabaiteko kontrola hartzeko aukera izango dute.