Mundua -
Urtarrilaren 15ean, asteartea
Erresuma Batuan astearteko bozketaren ostean izan daitezkeen egoera posibleak
Erresuma Batuko Parlamentuak Londresek eta Bruselak EBtik irteteko lortu duten akordioari buruz bozkatuko du. Hona hemen Mayren garaipenaren edo porrotaren ondorio posibleak
Agentziak | Erredakzioa
Theresa May lehen ministroak herritarrei eta, bereziki, parlamentariei ohartarazi die Erresuma Batua "lurralde ezezagun" batean sartuko dela Parlamentuak atzera botatzen badu Gobernuak eta Europar Batasunak hitzartutako bidea.
Mayren Alderdi Kontserbadorearen zati handi bat eta Gobernua babesten duen Ipar Irlandako DUP akordioaren kontra daude. Beraz, litekeena da Mayk bozketa galtzea. Abenduan egin behar zen, baina lehen ministroak atzeratzea lortu zuen, babesen bila.
Honakoak dira astearteko bozketaren ostean gerta litezkeenak:
Parlamentuak akordioaren alde egitea
Kontserbadoreak eta Ipar Irlandako unionistak konbentzitzen saiatzen ari da May. Zenbait parlamentarik iritziz aldatu dute azken egunetan. Parlamentuak, beraz, hitzarmena babesteko aukera dago oraindik. Hala ere, Gobernuak zail izango duela ematen du.
Europar Batasuna uztearen alde dauden barrutietako laboristak konbentzitzen ere indarrak jarri ditu lehen ministroak.
Mayren arabera, akordioari ezetz esateak negoziatu gabeko apurketa bat erraztuko du, martxoaren 29an, edo irteera hori gauzatzeari oztopoak jarriko dizkio.
Parlamentuak akordioaren alde egiten badu ere, Gobernuak lege bat egin behar izango du hitzarmenean adostutakoa Erresuma Batuaren ordenamenduan sartzeko, bi hilabeteko epean.
Mayren plan berri bat
Parlamentariek ezetz esaten badute, lehen ministroak beste bide-orri bat aurkeztu beharko du hiru eguneko epean. Diputatuek hori eztabaidatu eta aldatu ahal izango dute, eta horrek hurrengo urratsen gaineko nolabaiteko kontrola emango lieke.
Akordioa bigarren aldiz bozkatzea ere erabaki dezake Mayk, parlamentariei presioa areagotuz, denbora eta aukera faltagatik iritzia alda dezaten.
Gainera, kasu horretan, hitzarmena indartzen saiatu daiteke gobernua, EBri argipen gehiago eskatuz Ipar Irlandako zaintzari buruz. Izan ere, hori da puntu polemikoena.
Hauteskunde orokorrak aurreratzea
Mayk ez duela dimitituko eta ez dituela hauteskundeak deituko esan du behin eta berriro.
Abenduan, hiru botoren aldearekin irabazi zuen Alderdi Kontserbadorearen barruko konfiantza-galdea, eta hurrengo hamaika hilabeteetan ezin da berriz horrelako prozesurik abiatu.
Hala ere, laboristek zentsura-mozio bat aurkez lezakete hauteskundeak behartzeko, baina ez dute gehiengorik Parlamentuan, eta gako diren DUPeko 10 parlamentariek Mayren alde egiten jarraituko dutela adierazi dute, betiere hitzarmena onartzen ez bada.
Akordioa berriz negoziatzea
Jeremy Corbyn laboristak esan duenez, hauteskundeak deitzea eta irabaztea lortzen badu, EBrekin beste akordio bat negoziatuko du, "urgentziaz".
Oposizioko liderrak beste aduana-batasun berri baten alde egiten du, "britainiarrek etorkizuneko merkataritza-akordioei buruz erabakitzeko. Aduana sistema berri horrek merkatu bakarrarekin harreman estua luke eta Erresuma Batuak estandar eta eskubideen maila mantentzen duela bermatuko luke".
Bigarren erreferenduma
EBtik joateari buruz berriz galdetzearen alde dago gizartearen zati bat. Bi alderdi nagusiek ez dute aukera hori babesten.
Parlamentuak akordioari ezetz esaten badio, galdeketa berria deitzeko presioa areagotu liteke. Urrian, 700.000 pertsonak manifestazioa egin zuten Londresen.
Egitekotan, galdera zehaztu beharko lukete. Bi aukera leudeke: Soilik hitzarmenari buruzko galdera egitea, edo zuzenean EBn jarraitzeari buruz itauntzea.
Irteera atzeratzea
EBtik irteteko data atzeratzea eskatuko lukete hauteskundeek zein erreferendum berriak.
Negoziatzeko epea luzatzea eskatu lezake Londresek, baina horretarako EBko 27en onarpena beharko luke. Horretarako zailtasunen artean daude maiatzeko Europako hauteskundeak. Momentu horretarako, Erresuma Batua EBtik kanpo egotea aurreikusten du Bruselak. Europako Parlamentuak aulki kopurua gutxitu eta britainiarren tokia berriz banatuko luke.
Irteera hiru hilabete baino gehiago atzeratzeak are gehiago zailduko luke dena.
Irteera bertan behera uztea
Europako Justizia Auzitegiaren epai batek EBtik irtengo zela iragartzen zuen 2017ko jakinarazpena atzera botatzeko aukera ematen dio Erresuma Batuari.