Mundua -
ERRESUMA BATUA
Theresa Mayren agerraldia Komunen Ganberan, 'brexit'ari buruzko akordioa hizpide
Erresuma Batuko lehen ministroa bere kabineteko ministroekin elkartuko da goizean Downing Streeteko 10.ean, eta Komunen Ganberara joango da ondoren, deklarazio bat egitera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteburuan Europar Batasuneko 27 herrialdeek brexitaren akordioari argi berdea eman ostean, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak akordioari buruzko deklarazio bat egingo du gaur Komunen Ganberan. Lehen ministroak Parlamentuaren onespena lortu behar du orain, baina gaur-gaurkoz ezezkoa da nagusi. Abenduan egingo den bozketari begira, iritziz aldararazi nahi ditu, eta gaurko agerraldia kanpaina horretako lehena izango da.
Erresuma Batuko lehen ministroa bere kabineteko ministroekin elkartuko da goizean Downing Streeteko 10.ean, eta Komunen Ganberara joango da gero, deklarazioa egitera. Aurreikuspenen arabera, bertan 15:30 direnean egingo du.
Igandean, Europako Kontseiluaren ezohiko bileran, Erresuma Batua Erresuma Batutik atera ondoren Europar Batasunean geldituko diren 27 herrialdeek brexitari buruzko akordioa eta deklarazio politikoa onartu zuten. Hala ere, Erresuma Batuko Parlamentuak eta Europako Parlamentuak berretsi beharko dute orain.
Brexitari buruzko akordioak laboristen, Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokrata Unionistaren eta Theresa Mayren alderdiko euroeszeptikoen gaitzespena jaso du. Aipaturiko akordioak, besteak beste, Erresuma Batuan bizi diren Europar Batasuneko herritarren egoera eta Europar Batasunetik irteteagatik ordaindu beharreko faktura zehazten ditu.
Erresuma Batuko lehen ministroak parlamentariak konbentzitu beharko ditu orain Bruselan adostutako dokumentua babes dezaten. Bozketa abenduaren 12rako dago aurreikusita Komunen Ganberan.
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak atzo BBC telebista kateari egindako adierazpenetan azpimarratu zuenez, onartu ezean, ez da dibortzioari buruzko beste negoziaziorik izango: "Hau da akordio posible bakarra. Horrenbestez, Komunen Ganberak ezezkoa ematen badio, ez da akordiorik izango. Ez da (Theresa May) lehen ministroaren, ez kabinetearen, ezta Parlamentuaren asmoa ere, beste erreferendum bat deitzea. Hau da dagoen akordioa".
Erresuma Batuko eta Europako Parlamentuen babesa lortuz gero, 2019ko martxoaren 29an gauzatuko da dibortzioa. Trantsizio garaia 2020. urtearen amaierara arte izango da, eta etorkizuneko harreman komertzialak eta segurtasun gaiak negoziatuko dituzte epe horretan.