Mundua -

Krisia

Venezuelari ezarritako zigorrak urtebetez luzatzea erabaki du Europar Batasunak

“Herrialdearen egoerak okerrera egin duela ikusita", gaur egun indarrean dauden neurriak 2019ko azarora arte luzatzea erabaki du Kontseiluak.

Europako Kontseiluaren bilera. Artxiboko argazkia: EFE
Europako Kontseiluaren bilera. Artxiboko argazkia: EFE
Europako Kontseiluaren bilera. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako "krisi politikoak eragindako gizarte-egoeraren narriadura” ikusita, herrialde horren aurka iaz onartutako zigorrak urtebetez luzatzea erabaki du Europar Batasunak (EB) astearte honetan. Besteak beste, armak enbargatzea eta “errepresioaren erantzuleei bakarkako zigorrak” mantentzea adostu dute EBko Estatu kideetako ordezkariek.

“Herrialdearen egoerak okerrera egin duela ikusita, gaur egun indarrean dauden neurriak 2019ko azaroaren 14ra arte luzatzea erabaki du Kontseilu honek”, jakinarazi du erakundeak ohar batean.

Europar Batasuneko Kontseiluak 2017ko azaroaren 13an ezarri zizkion zigorrak Venezuelari. Besteak beste, “barne errepresiorako” erabil daitezkeen armak eta materialak enbargatzea babestu zuten.  Halaber, beharrezkoa izanez gero, errepresioa bultzatzen duten agintariei zigorrak ezartzeko legedia ere onartu zuten.

Gainera, pertsona fisikoei Europar Batasunean sartzea debekatu zieten eta pertsona fisikoen zein juridikoen aktiboak izoztu ahal izango zituztela ohartarazi zuen EBk. Aldi berean, giza eskubideak larri urratu edo gizarte zibilari zein oposizio demokratikoari errepresioa ezartzen dieten Venezuelako erakundeekin gauza bera egingo zutela ziurtatu zuen.

Alabaina, herrialdean egonkortasuna ezartzeko asmoz, hartutako erabaki horiek “irtenbide demokratikoak bultzatu eta herritarren beharrei erantzuna emateko helburua” dutela ziurtatu du Europar Batasunak.

Kontseiluaren iritziz, Venezuelari ezarritako zigor horiek “malguak dira eta berrikusi daitezke”. Izan ere, ez dituztela “venezuelarrak kaltetzeko asmoz” egin ziurtatu du Europar Batasunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Europako herrialdei buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Venezuela argazkiak Latinoamerika Nicolás Maduro gaur