Mundua -
AEB jomuga
Ehunka erdialdeko amerikarrek Guatemala eta Mexiko arteko muga zeharkatu dute
Hondurastar bat hil da, Poliziak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota. Mexikoko Gobernuak, ordea, hil izana ukatu du. Beste 10 pertsona zauritu dira istiluetan.
Agentziak | Erredakzioa
AEB jomuga, 1.500 erdialdeko amerikarrek Guatemala eta Mexiko arteko muga zeharkatu dute igande honetan. Aurrez, 7.000 migratzailek osatutako talde batek gauza bera egin zuen, eta orain Mexikotik barrena ari dira, Ameriketako Estatu Batuetara iristeko asmoz.
Taldeak Tecun Uman muga-postua igaro du, eta istiluak izan dira muga babesten ari ziren agenteekin. Mexikoko Polizia Federalaren hitzetan, migratzaileek harriak eta kristalezko botilak jaurti dizkiete.
Guatemalako suhiltzaile boluntarioek salatu dutenez, pertsona bat, gizon hondurastar bat, hil da Poliziak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota. Beste 10 pertsona zauritu dira.
Mexikoko Gobernuak gertakariak ukatu ditu. Azaldu duenez, Polizia Federala ez zegoen armatuta istiluak jazo direnean, eta hortaz, agenteek ez dute migratzailea hil.
Alfonso Navarrete Mexikoko Gobernantza Idazkaritzako buruak azaldu duenez, agenteei emandako aginduak "argiak" ziren: "Armatu gabeko poliziak modu baketsuan eta ordenatuan zuzendu behar zuen operazioa, migratzaileei euren burua identifikatzeko eskatuz".
Guatemalako Gobernuak migratzaileen jarrera kritikatu du. Halaber, Salvador Sanchez Ceren Salvadorko presidenteak taldeari elkartasun adierazi du, eta mugitzeko eskubidea aldarrikatu du. Bidaia horretan "bizia arriskuan ez jartzeko" deia egin du, dena den.
Donald Trump AEBko presidenteak ere estu hartu ditu mugimenduok. Armada mugara eramango duela mehatxatu du, eta Guatemalari, Hondurasi eta Salvadorri ematen dien laguntza ekonomikoa "nabarmen" gutxiko duela agindu du. Mexikoren kontrako errepresaliak ere iragarri ditu, taldea ez geldiaraztearren.