Mundua -
Birmania
Birmaniako rohinyen aurka nahita egindako genozidioa egon dela esan du NBEk
Era berean, Indar Armatuen arduradunak nazioarteko epaitegi batek ikertu eta epaitu behar dituela adierazi du Nazio Batuen Erakundeak.
Agentziak | Erredakzioa
Orain dela urtebete Birmaniako Rakain estatuan rohinyen aurka egindako operazio militarrak "nahita egindako genozidio" batean zantzuk dituela erabaki du Nazio Batuen Erakundeak. Era berean, Indar Armatuen arduradunak nazioarteko epaitegi batek ikertu eta epaitu behar dituela adierazi du NBEk.
Nazio Batuen Nazioarteko Misio Independientearen iritziz, nahitasun hori erakusten duten hainbat faktore daude: rohinyen talde musulman txikiaren aurkako "testuinguru zapaltzaile zabalena eta gorrotoaren erretorika" ez ezik, "egile zuzenen eta agintarien adierazpen zehatzak".
Min Aung Hlaing Indar Armatuen ("Tatmadaw") jeneral nagusiak iaz Rakainen egindako erasoan esandakoaren arabera, talde etniko txiki horren arazoa “amaitu gabeko lana” bilakatu zen, eta Birmaniako Gobernuak interes handia zuen "konpontzeko".
Horrez gain, besteak beste, rohinyen aurkako politika baztertzaileak ere aipatu ditu Misioak, nahita egindako genozidioa izan dela argudiatzeko. 2017ko abuztuaren 25ean, ARSA Rohinyen Salbazio Armadaren matxino talde batek polizien eta militarren aurkako erasoa abiatu zuen. Ehun hildako baino gehiago eragiteaz gain, beste kanpaina militar bat eragin zuen eremuan. Azken urtean, 725.000 bat rohinyek ihes egin dute Bangladeshera.
Ustezko egileen zerrenda
Adituen aburuz, gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak ere izan dira Rakainen. Hori dela eta, Kachin eta Shan estatuek rohinyen aurka egindako erasoen egileen zerrenda bat egin dute.
Min Aung Hlaing eta haren ondorengoa, Soe Win daude zerrendan. Horrez gain, Operazio Berezien Hirugarren Bulegoko komandantea (Aung Kyaw Zaw teniente jenerala); eta Mendebaldeko Eskualdeko Buruzagitza Militarreko arduraduna (Maung Maung Soe jenerala) aipatu dituzte zerrendan, besteak beste.
Kasua Nazioarteko Zigor Gortera eramatea eskatu dute NBEko Segurtasun Kontseiluko adituek. Edo, bestela, horretarako sortutako nazioarteko zigor epaitegi baten esku uztea.