Mundua -
EB-tik irteteko prozesua
Parlamentu britainiarrak Aduanen legea onartu du, 'brexit'aren ostean aplikatzeko
Hala, 'brexit'aren ondorengo esparru legala ezarri dute. Lege proiektua Lorden Ganberatik igaro behar da, baina seguruenera uda ostean aztertuko dute.
agentziak | erredakzioa
Erresuma Batuko Parlamentuak Aduanen legearen proiektua onartu zuen atzo, aldeko 318 eta kontrako 285 botorekin, brexitaren ondorengo esparru legala ezarrita.
Bozketa igaro ondoren, Zergen -mugen arteko merkataritzarako- lege proiektua, Aduanen legeaz ezagutua, Lorden Ganberatik igaro beharko da, baina seguruenik uda ostean aztertuko dute.
Theresa May lehen ministroak ukatu egin zuen brexit gogorraren aldekoek egindako zuzenketak sartuz kapitulazioa egin izana. Gainera, ziurtatu zuzenez, ez dute EBko herrialdeekin etorkizunean izango duten harremanen plana aldatuko, Gobernuak uztailak 6an onartutakoari jarraituta.
"Ez nuen eman nuen guztia emango akordioa lortzeko, lege horren bitartez ondoren aldatzeko", esan zuen Mayk.
Erabat aldatuko ez badute ere, aurkeztutako zuzenketek Gobernuaren eta EBren arteko negoziazioak mugatuko dituzte, edo oztopatu ere, adibidez, Erresuma Batuak EBri muga-zergak ezartzeko eskubidea ukatuta, Europan halako neurririk egon ezean.
Era berean, Irlandako itsasoan muga bat sortzea baztertzea (erregimen britainiarrean jarraituko duela bermatzeko) exijitu dute; Erresuma Batua balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) sistema europarretik kanpo geratzea; eta araudi berria onartzea, Gobernuak harremana ezarri nahi badu EBrekin, aduanen arloan.