Mundua -
Immigrazioa
Siziliako kostan erreskatatutako 450 etorkinetatik 50 Alemaniak hartuko ditu
Etorkinak uneotan bi ontzi militarretan daude, Siziliako kostan, larunbatean Mediterraneoan ebakuatu ostean. Maltak eta Frantziak ere hartuko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Larunbatean Mediterraneoan erreskatatu ostean, Siziliako kostan bi ontzi militarretan dauden 450 etorkinetatik 50 Alemaniak hartuko ditu, baita Maltak eta Frantziak ere, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak igande honetan iragarri duenez.
Hiru herrialde horiek dira oraingoz Erromaren eskaerari erantzun diotenak, etorkinak Europar Batasunean berriro kokatzeko.
"Hau da betidanik Europari eskatu diogun elkartasuna eta erantzunkizuna, eta, orain, Europako azken kontseiluan lortutako ondorio zehatzen ostean, errealitatea izaten hasi da", adierazi du Contek Facebookeko kontuan.
Lehen ministroak EBko estatuburu edo gobernuburuei idatzi zien larunbatean, eta "ildo beretik jarraitzearen" alde egin zuen, "irmotasunez eta etorkinen Giza Eskubideak errespetatuz".
450 etorkinak ostiral goizean irten dien Libiako kostatik eta egun bat geroago geldiarazi zituzten Lampedusako uhartean, eta Italiako ontzi batera eta Frontex Europako agentziaren beste batera ebakuatu zituzten.
Zehazki 176 Frontexeko "Protector" ontzian daude, eta beste 266 Finantzako Guardiako "Monte Sperone" ontzian. Beste zortzi pertsona, tartean haurdun dagoen emakume bat, Lampedusako ospitalera eraman dituzte.