Mundua -
Erresuma Batua
Dominic Raab 'brexit'erako ministro izendatu du Mayk, Davisek uko egin ostean
Raab Etxebizitza ministroa izan da orain arte, eta 'brexit'aren aldeko kanpainan oso nabarmena izan zen.
agentziak | erredakzioa
Theresa May lehen ministro britainiarrak Dominic Raab brexit-erako ministro izendatu du, David Davisek karguari uko egin ostean, EBtik irteteko moduaren gainean Mayrekin zituen desadostasunengatik.
"Erreginak atsegin handiz onartuko du Dominic Raab diputatuaren izendapena Europar Batasunetik Irteteko Estatu idazkari gisa", esan du Mayren kabineteak prentsa-ohar baten bidez.
Raab Etxebizitza ministroa izan da orain arte, eta brexit-aren aldeko kanpainan oso nabarmena izan zen, 2016ko erreferendumaren aurrean.
Mayk Gobernuarekin lortutako akordioa iragarri zuen ostiralean, eta Erresuma Batuak 2019ko martxoaren 29an EBko kide izateari utziko diola nabarmendu zuen.
Davisek dimisioa eman ondoren egindako lehen agerraldian, karguan jarraitzea ezinezkoa litzatekeela esan du, Mayrekin desadostasun handiak baititu.
BBC Radion egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, ministro bat, edozein gobernutan, Exekutiboaren erabakien % 10 edo 20rekin ados egongo da, baina bere karguaren ildo "nagusiarekin" ados ez dagoela esan du.
"Gobernu batean, gauza askorekin ados ez egotea normala da, baina zure politikekin edo departamentuarekin lotuta badago, garrantzitsuagoa da", azaldu du.