Mundua -
ERRESUMA BATUA
'Brexit'aren legeak azken tramitea gainditu du Londreseko Parlamentuan
Theresa May lehen ministroak kontzesioak egin behar izan ditu bere alderdi barruan matxinada bat eragozteko. Orain Isabel II.a erreginaren onespen ofiziala behar du legeak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Komunen Ganberak "brexit"aren legeari egindako aldaketak onartu ditu ostegun honetan Lorden Ganbarak eta, honenbestez, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzea ahalbidetuko duen legeak azken tramitea gainditu du. Orain Isabel II.a erreginaren onespen ofiziala bakarrik behar du legeak.
Parlamentura lehen aldiz iritsi eta hamaika hilabetera, Erresuma Batuko bi ganberek beren oniritzia eman diote "brexit"aren legeari. Hain zuzen ere, lege berri horrek Erresuma Batua Europar Batasunean sartzea ahalbidetu zuen 1972ko legea indargabetuko du.
Lorden Ganberak hirugarrenez aztertu du legea eta uko egin dio zuzenketa berriak egiteari. Aurrez, Goi ganberak gehitutako klausula gehienak atzera bota zituen Komunen Ganberak .
"Brexit"aren legea onartzea "pauso erabakigarria" da Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko (segur aski 2019ko martxoaren 29an), "brexit"erako Erresuma Batuko Ministerioko bozeramaileak ohar bidez jakinarazi duenez.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak kontzesioak egin behar izan ditu bere alderdiko diputatuen artean matxinada bat eragozteko.