Mundua -
Cambridge Analyticak Mark Zuckerbergen datu pertsonalak eskuratu zituen
Facebookeko presidenteak agerraldia egin du asteazken honetan AEBko Ordezkarien Ganberako Energia eta Merkataritza batzordean, datuen filtrazioagatik, bezperan senatarien galderei erantzun ondoren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mark Zuckerberg Facebooken sortzaile eta presidenteak asteazken honetan Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberan egindako agerraldian onartu zuenez, Cambridge Analytica enpresak bere datu pertsonalak eskuratu zituen bere baimenik gabe. Cambridge Analytica enpresak Facebookeko 87 milioi erabiltzaileren datuetara sarbidea izan zuen.
Asteartean senatarien galderei erantzun ostean, atzo Ordezkarien Ganberan eman behar izan zituen azalpenak.
Zuckerbergek agerraldian azpimarratu zuenez, erabiltzaileek beren datuen erabateko kontrola dute. Hala ere, bere datu pertsonalak ere Cambridge Analytica enpresaren eskuetara iritsi zirela onartu zuen. Cambridge Analyticak Facebookeko informazioa baliatu zuen erabiltzaileen profil psikologikoak egiteko eta horien erabakietan eragina izaten saiatzeko.
Zehatz-mehatz esanda, Anna Eshoo demokratak Facebookeko sortzaileari galdetu zion ea bere informazio pertsonala "hirugarren bati" saldu zioten, eta baietz erantzun zion.
Zuckerbergek iragarri zuenez, Facebook dagoeneko hasi da datuen filtrazioagatik kaltetutako erabiltzaileei horren berri ematen, baina ez zuen zehaztu zenbat jakinarazpen bidali dituen. Guztira, datuen filtrazioak 87 milioi erabiltzaileri eragin omen die, eta gehienak Ameriketako Estatu Batuetakoak dira.
Facebooken sortzaile eta presidenteak barkamena eskatu zuen asteartean AEBko Senatuko Merkataritza eta Justizia batzordeen aurrean egindako agerraldian, Cambridge Analytica enpresak hartu eta manipulatutako datuen filtrazioagatik, eta bere "hanka-sartzea" izan zela onartu zuen. Erantzukizuna bere gain hartu zuen berriro, eta halakorik berriro ez gertatzeko eta "albiste faltsuak" ez zabaltzeko neurriak hartzen ari direla azpimarratu zuen.
Bestalde, bere enpresak Facebookeko zerbitzuak erabiltzen ez dituzten pertsonen informazioa biltzen duela onartu zuen, "segurtasun arrazoiak" argudiatuta.