Mundua -

Brexit-aren trantsizioa

Londresek merkatu bakarrean jarraituko du 2020ra arte, arauak betez eta botorik gabe

Europar Batasunak 21 hilabeteko epea emango dio Erresuma Batuari egoera berrira egokitzeko: 2019ko martxoaren 30etik 2020ko abenduaren 31ra arteko epea izango du Erresuma Batuak.

Theresa May. Artxiboko argazkia: EFE
Theresa May. Artxiboko argazkia: EFE
Theresa May. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak astelehen honetan adostu ditu Batasunetik atera ondorengo trantsizioan Erresuma Batuak bete beharko dituen baldintzak. Brexita gauzatzen denetik 2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da trantsizio fasea, eta tarte horretan Erresuma Batuak 'status quo'ari eutsiko dio, baina ez du ez ahotsik ez botoa emateko eskubiderik izango. Hala eta guztiz ere, denbora horretan arauak bete beharko ditu.

Bruselan elkartu diren Batasuneko Atzerri ministroek bi minutu nahikoa izan dituzte erabakia hartzeko, Sabine Weyand Europar Batasunaren izenean brexita negoziatzen diharduen taldeko bigarrenak Twitter sare sozialean duen kontuan azaldu duenez.

 

 

"Trantsizioan 'status quo'ari eutsiko dio, ez du ordezkaritza instituzionalik izango eta brexita gauzatzen denetik (2019ko martxoak 30) 2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da. Ongi definitutako eta zehaztasunez mugatutako garaia da", adierazi dute 27 herrialdeek.

Erresuma Batuak Europar Batasuneko arau eta lege guztiak bere horretan bete beharko ditu tarte horretan, Batasuneko kide balitz bezala, nahiz eta kanpoan egon. Ez du ordezkaritzarik izango ez Europako Kontseiluan, ez Europako Batzordean, ezta Europako Parlamentuan ere, baina kontsultak egiteko bide bat zabalduko dute. Horrez gain, merkatu bakarreko kide izaten jarraituko du, eta Europar Batasunak beste herrialdeekin dituen akordio komertzialak eta bestelako akordioak bete beharko ditu, baina ez ditu akordio horien onura guztiak jasoko.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren Gobernuko kide batek Europar Batasunaren erabakia txalotu du, haren esanetan, trantsizio garairako eurek planteatutako asmoekin bat datorrelako. Hala ere, oraindik hainbat kontu daude argitzeko.

Bereziki hiru hauek dira desadostasunak: europarren eskubideak Erresuma Batuan, dibortzioaren faktura eta Irlandako muga.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Europar Batasuna Bruselaseko albisteak gaur Erresuma Batua Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Brexita albisteak Zer da Brexita Londres