Mundua -
Epaia
Betiko kartzela Mladicentzat, genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egotzita
Mladic Bosniako hiritarrekin amaitzeko asmoa zuen talde kriminal bateko kidea zela ondorioztatu du epaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Betiko kartzela-zigorra ezarri diote Ratko Mladic militar ohi serbobosniarrari, genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak leporatuta. Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak ebatzi du epaia.
Ratko Mladic militar ohi serbobosniarrak Bosniako gudan (1992 eta 1995 artean) musulmanak eta kroaziarrak suntsitzeko "asmo kriminala" zuela adierazi du Alphons Orie Auzitegiko presidenteak.
Epailearen esanetan, Bosniako zibilekin amaitzeko asmoa zuen "talde kriminal" bateko kidea zen.
Horrez gain, Sarajevoko sarraskia agindu izana leporatu dio, hirian bizi ziren hiritar musulmanak suntsitzea "proposatu eta agindu" baitzuen.
Epaia entzutean, "hipertentsio krisia" jasan du Mladicek, saioa atzeratzea eskatzeaz gain. Horren ondorioz, epaileak aretotik bota du.
Ratko Mladic errugabetzat jo du bere burua.