Mundua -
Agiri ofiziala
'Brexit'a gauzatzean Ipar Irlandarekin mugarik ez egotea proposatu du Mayk
Gaur egun pertsonen eta merkantzien zirkulazio askea dago, eta egunero 30.000 pertsona igarotzen dira inolako kontrolik gabe.
Agentziak | Erredakzioa
'Brexit'aren inguruko bigarren agiri ofiziala kaleratu du gaur Erresuma Batuko Gobernuak. Bertan azaldu duenez, gaur egun bezala, 2019an ere ez da "muga fisikorik eta muga posturik" izango Ipar Irlandarekin.
Gaur egun, 30.000 pertsonek zeharkatzen dute egunero Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublika. Aduanarik ere ez dago.
"Bi aldeek malgutasuna eta irudimena behar dute Ipar Irlandako mugan", adierazi du Erresuma Batuko Gobernuaren bozeramaile batek. Mayren gobernuak bi muga mota aurreikusi ditu Europar Batasunarekin: bata, mugarik gabekoa, eta bestea, kontrol arinekin. Bruselako negoziatzaileen ustez, ordea, "muga ikusezin hauek fantasia hutsa dira".
Exekutibo britainiarrak ez du muga fisikorik nahi, "iraganera bueltatzea" suposa dezakeela argudiatuta. Hala, Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Irlanda eta Ipar Irlanda artean dauden uretan ez du aduanarik aurreikusi: "Mugak ez dira bideragarriak, ez konstituzioaren ikuspuntutik, ezta ekonomikoki ere".