Mundua -
G7 goi-bilera
AEBek aldaketa klimatikoari buruzko akordioa galarazi dute G7aren bileran
Aitzitik, G7ko buruzagiek "terrorismoaren eta indarkeriazko estremismoaren kontrako adierazpena" sinatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
G7aren buruzagiek ezin izan dute aldaketa klimatikoari eta Parisko Akordioari buruzko akordiorik lortu, Ameriketako Estatu Batuak zer egin aztertzen ari direlako, Paolo Gentiloni lehen ministro italiarrak jakinarazi duenez. Erabakia aste batzuk barru hartuko du Donald Trumpen Gobernuak.
"Klima-aldaketari buruzko akordioa etenda dago; Gobernu estatubatuarrak Parisko Itunari buruzko barne-gogoeta egin nahi du", adierazi du Gentilonik Taorminan (Sizilia) G7ak gaur hasi duen goi-bileran eskaini duen prentsaurrekoan.
Gainerako herrialde guztiek Parisko Ituna betetzeko konpromisoa erakutsi dute eta, hausnarketa amaitzean, AEBek ere akordioarekin bat egingo duela espero dute.
Frantziako Gobernuaren iturriek esan dute eztabaida “zintzoa eta zuzena” izan dela eta klima-aldaketaren kontrako akordioa berresteko argudio sendoak jarri dituztela AEBen aurrean.
Terrorismoaren kontrako adierazpena
"Terrorismoaren eta indarkeriazko estremismoaren kontrako adierazpenaren" inguruan, berriz, adostasun batera iritsi dira.
G7a osatzen duten herrialdeetako agintariez gain, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko eta Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteek ere sinatu dute akordioa.
Ituna Manchesterreko atentatuaren ostean iritsi dira. Eraso hartan 22 pertsona hil zituzten eta 64 zauritu ziren.
Gentilonik iragarri du terrorismoaren aurkako ituna larunbat honetan sinatuko dutela, Erresuma Batuari babesa eta elkarlana helarazteko mezu batekin batera.
Gaur onartutako adierazpenak hiru orrialde eta 15 puntu ditu eta, besteak beste, terrorismoaren kontra Interneten egin beharreko borroka aipatzen du.
Ildo horretan, Interneteko hornitzaile eta zerbitzariei nahiz sare sozialei “kutsu terroristadun edukiak antzemateko ahaleginak ugaritzeko” eskatzen diete.
Industriari, berriz, indarkeria erabiltzera bultzatzen duten edukiak detektatzen laguntzeko teknologia eta erreminta berriak garatzeko galdegin diote.
Horrez gain, herrialdeen arteko elkarlana areagotzea adostu dute, atzerrian dauden ekintzaileak gerran dauden tokietatik itzultzen direnean identifikatu eta berehala kanporatzeko.
Bestalde, talde terroristak finantzatzeko bideak galarazteko bitarteko gehiago jartzea adostu dute.