Mundua -
G7-ren goi-bilera
G7a Taorminan bilduta, nazioarteko politika erabakitzeko
Munduko zazpi herrialde aberatsenek segurtasuna eta hazkundea dituzte gaurko gai zerrendan eztabaidagai.
Agentziak | Erredakzioa
Itsasoz, airez eta lurrez babestuta, gotortuta, dago gaur, ostirala, eta bihar Taormina (Sizilia). Ez da gutxiagorako, munduko zazpi herrialde aberatsenen buruzagiak bertaratu baitira: G7 taldea osatzen dutenak. Gailurra inauguratu dute dagoeneko, Taorminako antzoki greziarrean.
Goi-bilera maiatzaren 26an eta 27an egingo dute agintariek. Maila honetako hitzorduetan bezala, segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte. Maila goreneko protokoloa bart abiarazi zuten, Donald Trump AEBko presidentea 23:00etan (21:00 GMT) heldu baitzen.
Buruzagi estatubatuarrarekin batera, beste hauek ere badira Taorminan: Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa, Emmanuel Macron Frantziako presidentea, eta Paolo Gentiloni, Shinzo Abe eta Theresa May, Italiako, Japoniako eta Erresuma Batuko lehen ministroak, hurrenez hurren. Jean-Claude Juncker eta Donald Tusk Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko presidenteak ere bertaratzekoak dira. Gaurko saioan segurtasuna eta hazkundea edukiko dituzte eztabaidagai.
Ia 10.000 militar herria zaintzen
Militarrak, poliziak, karabineroak eta Finantzako Guardia ari dira kostaldeko herri ikusgarri hau zaintzen. Baimenik izan ezean, ezin da Taorminan sartu.
Herritik gertu dagoen Cataniako aireportua ere poliziaz josita dago. Schengen eremua bertan behera utzi du Italiako Gobernuak, eta EBko beste herrialde batzuetatik datozen bidaiariek pasaportea erakutsi behar dute.
Aire-eremua ere zarratu dute, eta abioiek eta helikopteroek debekatuta dute gainetik hegan egitea. Helikoptero militarrek zaintzen dute eremu guztia.
Itsasoz ere itxita dute ingurua. EFE
Lurretik, ibilgailuen joan-etorrirako itxita daude herrira heltzeko errepide guztiak. Baimena duten ibilgailuak bakarrik ibili ahal dira, baina ezin dute aparkatu.
Italiako Gobernuak apirilaren 28an onartu zituen Taormina babesteko aparteko neurriak, eta 9.950 militar dabiltza lanotan, Taorminako biztanle-kopuruaren halako bi.