Mundua -
AEB
Obamak onartutako hainbat ingurumen-lege indargabetu ditu Trumpek
2015ean Obamak sinatutako agindu horren bidez gas kutsagarrien emisioak murriztera behartzen zituen AEBko enpresak.
Agentziak | Erredakzioa
Barack Obamaren Gobernuak klima aldaketaren aurka onartutako legeak indargabetzeko agindua sinatu du astearte honetan Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Ildo horretatik, Obamaren ingurumen-politikak AEBko garapen ekonomikoa arriskuan jartzen zuela esan du Trumpek.
Trumpek agindua sinatu ondoren jakitera eman duenez, erabaki horren bidez aurreko gobernuaren gehiegikeriak ezabatu eta ekonomiaren liberalizazioa bultzatu nahi du. Aurreko politikariek onartutako politikak berreskuratu ahal izateko, gutxienez zortzi urte egin behar da atzera, horren arabera.
AEBko presidentearen esanetan, berak sinatutako agindu horren bidez, herrialde horretan energiaren inguruan egindako murrizketak baliogabetu, Gobernuaren intrusismoa lehengoratu eta enplegua suntsitzen duten legeak bertan behera utzi ditu. “Nire gobernuak ikatzaren aurkako gudarekin amaituko du”, adierazi du Trumpek.
Ingurumena Babesteko Agentziaren (EPA) egoitzan sinatutako agindu berriarekin, Energia Garbiaren Plana indargabetzeko agindua eman du. 2015ean sinatutako agindu horrek gas kutsagarrien emisioak murriztera behartzen zituen enpresa energetikoak.
Era berean, beste baimen batzuk berrikusiko dituzte: ikatzaren ustiaketari dagozkionak, metano gasaren emisioen araudiei dagozkienak eta fracking edo haustura hidraulikoaren teknikaren ingurukoak. Halaber, karbonoaren gastu soziala eta ingurumen-politikako protokolo berriak aztertuko ditu AEBko Gobernuak.
Beste alde batetik, Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramaileak azaldu duenez, AEBko presidentearentzat guztiz bateragarriak dira ingurumena zaintzea eta AEBko ekonomiari bultzada ematea, eta astearte honetan sinatutako aginduari esker herritarrek ur eta aire garbia izango dutela gaineratu du. Gainera, lanpostu berriak sortuko dituztela azpimarratu du.