Mundua -
Aurreratutako hauteskundeak
Hauteskunde eguna Ipar Irlandan, gobernagarritasuna xede dutela
Britainia Handiko eta Irlandako gobernuek ohartarazi dutenez, gobernatzeko itunik lortu ezean, baliteke Ipar Irlandako autonomia bertan behera utzi eta Londresetik kudeatzea.
agentziak | erredakzioa
Ipar Irlandako 1,2 milioi biztanlek bozkatzeko aukera dute gaur, osteguna, protestante eta katolikoen arteko Gobernua blokeatu ostean deitutako hauteskunde autonomikoetan.
Hauteslekuak 08:00etan (gurean) ireki dituzte, eta 23:00ak arte izango dira zabalik. Botoen zenbaketa, aldiz, ostiraleko 09:00etan abiatuko dute eta lehenengo emaitzak larunbatean izango dira prest.
Azken inkesten arabera, Alderdi Unionista Demokratikoak (DUP) eta Sinn Feinek (IRAren alderdi politikoa) jasoko dituzte boto gehien eta haien komunitateen ordezkaritza lortuko dute berriz, hau da, unionista-protestantea eta abertzale-katolikoa.
2011ko maiatzeko hauteskundeetan lortutako 38 eserlekuak berreskuratu nahi ditu DUPek eta, Sinn Feinen helburua tartea murriztu eta 28 eserlekutik gora izatea da.
Halere, hauteskunde hauetan jaitsi egin dute lor daitezkeen ordezkari kopurua, 108tik 90era, eta hautagaiak bost dira, sei izan beharrean, Ipar Irlanda osatzen duten 18 zirkunskripzioetan.
Arlene Foster unionistak ministro kargua galdu zuen, Gobernuan zuen ondoko kargudunak -Martin McGuinness- dimisioa eman eta gero, urtarrilaren 9an, energia berriztagarriekin lotutako ustelkeria kasu baten berri izan zuenean.
McGuinnessen dimisioak ondorioak eragin zituen, besteak beste, hauteskundeak aurreratu zituzten. Hauteskundeak, gainera, McGuinness IRAren komandante ohia eta buru errepublikano historikoa barik egingo dituzte, eta horrek ere baldintzatu ditu.
Britainia Handiko eta Irlandako gobernuek ohartarazi dutenez,, gobernatzeko itunik lortu ezean, baliteke Ipar Irlandako autonomia bertan behera utzi eta Londresetik kudeatzea.