Mundua -

ERREFUXIATUEN KRISIA

EB-Turkia akordioaren lehen eguna: bost errefuxiatu hil dira itsasoan

Bart sartu da indarrean Europako Batasunak eta Turkiak adostutako ituna; muga itxita dago Turkiatik Greziara doazen imigrante irregularrentzat .

Errefuxiatuak, Idomenin.
Errefuxiatuak, Idomenin.
Indarrean sartu da Turkiarako deportazioen akordioa

0:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau errefuxiatu hil dira Egeo itsasoko uretan, Europako Batasunak eta Turkiak adostutako akordioa indarrean sartu den egunean.

Bi neskatoren gorpuak aurkitu dituzte Greziako kostazainek Egeo itsasoan, Rodas irlatik gertu; antza, ontzi batetik erori ziren uretara, urtebete eta bi urteko haurrak. Gorpuak ur gainean zeuden, flotatzen, Ro irlatik gertu. Horiez gain, beste bi gizonezko eta beste adingabe bat ere aurkitu dituzte hilda, lehen biak Lesbos inguruan.

Turkiatik doazen imigrante irregularrek ezin dute Greziara sartu, bart gauerditik, aipatutako akordioa dela eta. Azken 24 orduotan,  875 errefuxiatu iritsi dira Greziako irletara, bertako Gobernuak emandako datuen arabera.

Gaurtik, beraz, Lesbos, Quios, Kos, Samos edota Leros irletara iristen diren errefuxiatuek bi aukera izango dituzte: asiloa eskatu Grezian edo Turkiara itzuli.

Itunean jasotakoaren arabera, kasuak banan bana aztertuko dira, eta beraz, bi aste barru hasiko dira, gutxi gorabehera, kanporaketak egiten.

Greziako Gobernuak jakitera eman duenez, Idomeniko kanpalekuan 12 mila errefuxiatu baino gehiago daude. Herrialde osoan, guztira, 48.141 errefuxiatu zenbatu dituzte.

Yurgos Kyritsis errefuxiatuen krisiari aurre egiteko Greziako Gobernuaren bozeramaleak atzo esan zuenez, irletan dauden errefuxiatuak Skaramangas, Volos edota Kavalako portuetara eramango dituzte ondorengo ordu eta egunotan. Herrialde osoan prestatuta dituzten harrera guneetara eramango dituzte.

"Bat beste baten truke"

Hitzarmenak "Bat beste baten truke" mekanismoa barne hartzen du; horren arabera, Europar Batasunak siriar bat onartuko du Turkiara itzularazten duten siriar bakoitzeko, pertsonekin trafikatzen duten mafien negozio-ereduari aurre egiteko xedearekin.

Behin kupo hori agortuta, Europar Batasuneko kideak Turkiatik datozen siriarrak hartzen jarraitu ahal izango dute beren kabuz, eta kopuru hori birkokatzeko konpromisoetatik kenduko zaie, gehienez 54.000 plazara iritsi arte.

Turkiaren oniritzia

Kontseilu Europarreko eta Europar Batasuneko presidenteak (Donald Tusk eta Jean-Claude Juncker, hurrenez hurren) eta Holandako lehen ministroak (Mark Rutte) adierazpen bateratua hitzartu zuten Turkiako lehen ministroarekin batera (Ahmet Davutoglu), eta testu horri eman diote orain adostasuna hogeita zortziek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Europar Batasuna Albisteak migrazioa gaur Greziako berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Turkia berriak Mediterraneo itsasoari buruzko azken albisteak