Mundua -
Klima aldaketa
Klimari buruzko Parisko akordioa txalotu dute AEBk eta Txinak
Barack Obamaren iritzirako akordio 'izugarria' da eta Txinaren ustez, berriz, 'justua, anbizio handikoa eta bidezkoa' da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mundu osoko hamaika agintarik Parisko akordioa txalotu dute, klima aldaketari aurre egiteko lehendabiziko akordio unibertsala. Parisko akordioa onartu duten 200 herrialde inguruk, garatuak zein garapen bidean daudenak, karbonoan urria den ekonomiaranzko bidea batera egiteko konpromisoa hartu dute.
Barack Obama AEBko presidentearen iritzirako akordio "izugarria" da: "Hau izugarria da: munduko ia herrialde gehienek izenpetu dute klima aldaketari buruzko Parisko akordioa. AEBren gidaritzari esker", adierazi zuen Twitterreko haren kontuan.
Etxe Zurian ondoren egindako prentsa agerraldian, Obamak azpimarratu zuen agerian gelditu dela zer den posible munduak "bat egin"ez gero. "Planeta ondorengo belaunaldientzako egoera hobean egongo dela ziur egon gaitezke", zehaztu zuen. Obamaren hitzetan, akordioa "anbizio handikoa" da, nahiz eta "perfektua" ez izan, eta aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan "inflexio-puntua" izan daiteke. "Planeta salbatzeko daukagun aukera onena ordezkatzen du akordio honek", gaineratu zuen.
Bestalde, Txinak Parisera bidalitako Xie Zhenhua ordezkariak ere akordioa goraipatu zuen. Haren esanetan, "Parisko akordioa perfektua ez bada ere", horrek ez die "aurrera egitea" eragotzi testuarekin bat egin duten herrialdeei. "Parisko akordioa justua, integrala, orekatua, anbizio handikoa eta eraginkorra da", aldarrikatu zuen.
David Cameron lehen ministro britainiarrak klima aldaketari aurre egiteko mundu mailako akordioa txalotu du eta "planetaren etorkizuna bermatzeko sekulako aurrepausoa" dela gaineratu du. Haren esanetan, mundu mailako akordio horrekin, "klima aldaketa geldiarazteko erantzukizuna beren gain hartu dute" herrialdeek. "Erresuma Batua buruzagi lanak egiten ari da gas emisioak gutxitzeko eta garapen bidean daudne herrialdeei horien emisioak murrizten laguntzeko", gaineratu zuen.
2020a baino lehen, negutegi efektua eragiten duten gasen emisioa murrizteko eta finantza konpromisoak handitzeko proposamena egin die François Hollande Frantziako presidenteak gainerako herrialdeei. Hollandek aurreratu duenez, Frantziak beranduerenera 2020an egingo du berrikuspen hori. "Munduak historiako orrialde berri bat idatzi du. Karbono maila baxuko aroan sartu gara. Atzera bueltarik ez duen eta geldiezina den mugimendua da. Hau hasiera da eta ez amaiera", aldarrikatu zuen.
Alexander Bedritsky Errusiaren Pariseko bidali bereziaren arabera, Errusiak testuarekiko konpromisoa du eta ingurugiroan presioa antropogenikoa gtxitzeko ekintzak indartuko ditu.
Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak adierazi duenez, Japoniak aldaketa klimatikoari aurre egingo dio "aurrerabide ekonomikoari" muzin egin gabe. Aberen hitzetan, akordioa "justua" da eta haren Gobernuarentzat "lehentasunezko gaia" izango da hori gauzatzea.
Bestalde, Greenpeace erakunde ekologistak positibotzat jo du Parisko akordioa, baina ohartarazi du itunak ez dituela helburuak lortzeko bitartekoak finkatzen. Ildo horretan, erakundeak azpimarratu du Parisko akordioak ezarritako helburua lortzeko erregai fosilak alboratu behar dira, beranduenera jota, 2050ean. Dena den, Greenpeace baikor agertu da eta "akordioak berak bakarrik sartuta gauden zulotik aterako ez bagaitu ere, aldapa leunagoa izatea ahalbideratuko du".